Joan den larunbatean jokatu ziren Nàstic de Tarragona frontoian Kataluniako Pilota Federazioak antolatutako Lau t’erdiko Txapelketako finalak. Emakumezkoen kategorian, Josune Jimenez getariarrak lortu zuen txapela. Sandra Alonso pilotariaren aurka aritu zen buruz burukoan, eta 18-14 irabazi zion. Getariarrak ARTZAPEri azaldu dionez, “helburua ondo pasatzea da, baina lortutakoarekin gustura nago”.

Emakumezkoen kategoriako finalak ez ezik, gizonezkoen hiru kategoriatako finalak jokatu ziren larunbatean: lehenengo mailakoa, bigarrengokoa eta hirugarrenekoa. “Nafarren Etxetik, adin desberdinetako 12 emakume inguruk parte hartu dugu aurtengo Lau t’erdiko Txapelketan. Gero Santa Coloma klubeko beste bat dago”, dio Jimenezek. Azken hori, hain justu, finalean aurkari izan zuen pilotaria.

Getariarrarentzat ez da txapelketa horretan lortzen duen lehenengo garaipena izan: “Lau t’erdikoan irabazi dudan bigarren txapela da hau. Finalak, berriz, ez nago ziur, baina uste dut hiru edo lau izan direla”. Dagoeneko, txapelketa horretan parte hartzen duela bost urte inguru badirela adierazi digu pilotariak.

“Amaren aldeko familiak beti izan du presente pilota eta amarekin ere askotan joan izan naiz pilotan jokatzera”, aitortu digu getariarrak. Txikitan, frontoian ere askotan aritu izan da: “Getariako frontoian, baten batek baloia atera eta futbolean jolasten genuen bezala, pilota ateratzen zuenean pilotan jolasten genuen”. Beraz, aspaldidanikoa da Jimenezen eta esku pilotaren arteko harremana.

Larunbateko partidaren hasieran. Arg. Kataluniako Pilota Federazioa

Aurten, parte hartze txikiagoa

Lau t’erdiko Txapelketan, normalean baino parte hartzaile gutxiago egon direla aitortu digu getariarrak, “koronabirusaren ondoren jokatu den lehenengo torneoa izan baita eta ia entrenamendurik egin gabe hasi ginen”. Gizonezkoen kategoriatan, zenbaki zehatza jakin ez arren, Nafarren Etxetik “50 gizonezko inguruk” parte hartu dutela azaldu du Jimenezek; “gero, beste klub batzuetatik joaten direnak ere badaude, segur aski, beste 10-15 izango dira”.

Leku askotako jendea lehiatzen da txapelketan: “Soria ingurutik etorritako gurasoen seme-alabak daude. Dirudienez, Soriako herri txikietan ere asko jokatzen da esku pilotan. Burgoseko jendea ere badago”. Baina pilotari gehienak inguruko auzoetakoak omen dira.

Federazioak, urtero, Lau t’erdiko eta Binakako txapelketa bana antolatzen ditu. Gero, “Nafarren Etxetik, San Ferminetako torneoa egiten dugu, bikoteka”. Bertan, Jimenezen hitzetan, “federazioko txapelketetan baino giro familiarragoa eta lagunartekoagoa egoten da”.

Katalunian ere bada pilotarako zaletasunik

Pilotari getariarrak federazioko partidak Nafarren Etxearen izenean jokatzen ditu. “Nafarren Etxea elkarte kulturala da. Bertan, bazkideak gaude, taberna bat dago, jota klaseak ere ematen dira… Pare bat su ere badaude eta elkarte gastronomiko modura funtziontzatzen du; erreserba egin, janaria prestatu eta bertan jan. Egiten dituen ekintzen barruan, jendetsuena eta ezagunena pilota eskola eta San Ferminetako torneoa dira”. Nafarren Etxean 42 neska-mutil aritzen omen dira pilota eskolak jasotzen.

Nafarren Etxean jokatzen dutenean giroa berezia izaten dela aitortu digu getariarrak: “Denok ezagutzen dugu elkar eta oso giro ederra egoten da”. Orain, San Ferminetako torneoa egingo den edo ez jakin zain daude: “Normalean, data hauetan torneo hori jokatzen egoten gara, baina koronabirusagatik dena mugitu egin da eta ez dakit torneoa egingo duten edo zerbait lagunkoiagoa egingo den. Torneo hori, Nafarren Etxean dagoen frontoian jokatzen dugu”.

Larunbatero bi orduko entrenamendu ofizialak egiten dituzte. Gero, “Nafarren Etxean klubeko entrenamenduak egiten ditugu, baina aste tartean izaten direnez, gehienetan, ezin izaten naiz joan”. Izan ere, Nafarren Etxea Bartzelona hirian dago, eta getariarra Sabadellen bizi da, Kataluniako hiriburuaren ondoko hiri batean. Duela sei urte joan zen master bat egitera, eta egun, doktoretza amaituta, lanean eta doktoretza-ondokoa egiten ari da.

Argazkia: Josune Jimenez