Gaur bete dira hamar urte Cristobal Balenciaga Museoak ateak zabaldu zituenetik, eta urteurrena ospatzeko, eguerdian, ekitaldi instituzional bat egin dute. Bertan bildu dira, besteak beste, museoaren patronoak diren erakundeetako ordezkari gorenak, kolaboratzaile publiko eta pribatuak, kultura-erakundeak eta modaren sektoreko profesionalak.

Era berean, Museoaren hamar urteko ibilbidea laburbiltzen duen 2011-2021 Legatua partekatuz erakusketa digitala aurkeztu dute. Arkaitz Millan Gipuzkoako kultura diputatuak azaldu duenez, “erakusketak bidaia bat proposatzen du Balenciagaren ibilbideko hamar momentu giltzarritara, bere hamar lan esanguratsuenen bitartez”. Lan horietan jostun handiaren hamar balio jartzen dira agerian: “Lidergoa, konfiantza, fideltasuna, sormena, dibertsitatea, tradizioa, berrikuntza, jasangarritasuna, zorroztasuna eta erreferentzialtasuna”, gaineratu du diputatuak.

Millanek, bestalde, Balenciagaren alboan izan ziren emakume jostunak izan ditu gogoan, eta adierazi du horiek gabe ez litzatekeela ez obrarik ez ondarerik egongo: “Euren testigantzak eta lana artistaren legatuarentzat oinarrizkoak izan ziren”.

500.000 bisitari baino gehiago

Zabaldu zenetik 500.000 bisita baino gehiago jaso ditu museoak. Horrez gain, 5.000 erreferentziatik gorako bilduma gordetzen du. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, “hamar urte hauetan bere bilduma hirukoiztu egin da eta bertako bildumaren balio ekonomikoa bederatzi aldiz biderkatu da. Beraz, azken urteetan indartzen joan da museoaren balioa”.

Museoak berariazko eta aldi baterako hamaseina erakusketa antolatu ditu. Bestalde, museoko bildumaren aleak mundu osoan daude ikusgai, beste ehungitza-museo batzuei eta nazioarteko margolan museoei egindako 400 maileguri baino gehiagori esker. Ale horiek mundu osoko 700.000 pertsona baino gehiagok ikusi dituztela aurreikusten du Museoak.

Haritz Alberdi alkateare hitzetan, “herriaren erakusleiho” izateaz gain, “bisitarien topagune bihurtu da eta baita bertakoon tartekako plaza ere”. Balenciaga Getariako historia “markatu” duen pertsonaietako bat dela nabarmendu du Alberdik, eta “maisuen artean maisu” izan zela.

Nazioarteko zabalkuntza

Hamar urte hauetan nazioarteko maila eskuratu duela azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak: “Esan dezakegu Elkanok bezala museo honek ere munduari bira eman diola eta ematen ari dela”. Museoko lan-taldeak “ekintzailetza eta hobetzeko gaitasun izugarriak erakutsi” dituela adierazi du lehendakariak, eta gaineratu du museoak “datozen urteei begira, oinarri eta abiapundu sendoak” dituela.

“Kultura lana eta aberastasuna sortzen dituen industria modura ulertzen dugu, gizarte ireki eta anitz bat definitzen duen balio modura; baita, sortzaileen eta herritarren eskubide modura ere”, azaldu du Jose Manuel Rodriguez Espainiako Kultura ministroak. Museoak eskubide horrekin bat egiten duela nabarmendu du, argudiatuta “goi-mailako joskintza esklutibotasunetik unibertsaltasunera eta demokratizaziora pasa duela”.

Ekitaldi instituzionalaren ondoren, bisita gidatua egin dute agintariek museoan.

Urteurreneko programazioa

Gaur, bihar eta etzi dohainik bisitatu ahal izango da museoa, 11:00etatik 19:00etara. Egun dagoen AlaÏa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketa ikusi ahal izango da eta gidatutako bisitak ere antolatu dituzte.

Museoak sarrerak webgunearen bitartez aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen du, bai bisita librerako bai gidaturako, egungo egoera dela-eta bisitari kopurua murriztu egin baitute. Erreserbak bisita eguna baino 24 ordu lehenago arte egin ahal izango dira.

Bestalde, bisitariek aukera izango dute workshop ireki batean parte hartu eta norberak aukeratutako jantzi batean diseinu bat estanpatzeko. Tailer horretan parte hartzeko ez da izena eman behar.

 

Lotutako albisteak: