Getariako Udalak harrera protokoloa egin du iritsi berriak direnekin lehen hartu-emanetarako modua eta prozedura zehazteko. Gurera bizitzera datozenei integratzen laguntzea du helburu, “izan ere, Getaria herri anitza da; bertan, hainbat kultura, hizkuntza eta jatorridun jendea bizi gara, eta hori guztiontzat da aberasgarria”.

Hala, iritsi berrien beharrak, errealitatea eta ikuspegia oinarri hartuta egin nahi dute bidea, prozesu horretan beste subjektu eta eragile batzuk ere inplikatuz. Horretarako hiru arlo bereizi dituzte protokoloan: oinarrizko beharrizan materialak asetzea, oinarri kulturala izatea eta arlo sozio-afektiboa lantzea.

Eremu instituzionala eta informala

Integraziorako bi lan eremu identifikatu dituzte: instituzionala eta informala. Lehenengotik, herriari buruzko informazioa, baliabideen gida eta ongietorri saioak emango zaizkie iritsi berriei udalean. Gida dagoeneko prest dago eta herriko nahiz eskualdeko hainbat zerbitzuren berri jasotzen du. Harrerako saioetan, aldiz, elkar ezagutzea eta herriko zenbait dinamiketan parte hartzeko gonbita egitea izango da helburua.

Bestalde, arlo informalean, herriko eragileek hartuko dute parte. “Haiek lagunduko dute protokoloan proposatzen diren urratsak garatzen”, azaldu dute.

Euskara

Harrera protokoloan jaso dute bertako hizkuntza ere, “euskarak Getarian duen balioa nabarmenduz eta, integrazioaren bidean, euskara jakiteak eta erabiltzeak dituen onurak azpimarratuz”. Hala, euskara ikasteko aukerak eta laguntzak jakinaraziko zaizkie.

Lehen uneko harremana zehazten badu ere protokoloak, udalak argitu du jasotzen duela “lan jarraitu bat egiteko aukera, integrazio prozesua dinamikoa delako”.