Getariako Judo Eskolako kirolari gazteek aurreko astean amaitu zuten aurtengo ezohiko ikasturtea eta eskolako arduradunak gustura daude egindakoarekin: “Egungo osasun egoerak baldintzatutako ikasturtea izan bada ere, zailtasunak zailtasun, eskolak etengabe jakin izan du moldatzen uneko egoerara eta azkenean, ikasturte hasieran ezarritako helburuak beteta, ikasturtea amaitzea lortu du”.

Aurten ezin izan dute ikasturte amaierako erakustaldirik egin, eta horrek “atsekabea” sortu du eskolako arduradunengan. Hala ere, “itxaropentsu” daude datorren denboraldiari begira, eta ikasturte amaierako erakustaldia ez ezik, irteerak eta Getarian bertan egiten den eskola ezberdinen arteko topaketa egitea espero dute.

Eskola indartzeko asmoz, datorren irailaren azken astean ate irekien jardunaldiak antolatzea aurreikusten dute, “adin tarte guztietako haur eta helduek kirola barrutik ezagutzeko aukera eduki dezaten”. Amaitu berri den ikasturtean lau eta hamar urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izan dute judo eskolan; datorren kurtsoan, ordea, “taldeak ateraz gero, adin tartea zabaldu eta talde berriak sortzeko asmoa” dute.

Bi getariarrek brontzezko domina Euskadiko Judo Txapelketan

Ezkerretik hasita, Shalva Jhokadze eta Unax Mendez

Unax Mendez eta Shalva Jhokadze kirolari getariarrek Euskadiko kadeteen txapelketan parte hartu zuten joan den igandean, Errenterian. Biek Getariako Judo Eskolan eman zituzten kirol honetako lehen pausoak eta igandean, brontzezko domina lortu zuten. Mendezek, -50kg kategorian, kanporaketa gogorra jokatu zuen eta finalaren ateetan geratu zen; Jhokadzek, aldiz, -73kg ko kategorian, aurkari zailak tokatu zitzaizkion eta azkenean hirugarren postua lortu zuen.

Argazkiak: Getariako Judo Eskola