Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan egitasmoaren hamabigarren deialdia egin du. Egitasmoa eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko. Zabalik dago izen-ematea eta 12. edizioaren xehetasunak uztailaren 29an, 11:00etan hasita, “online” egingo den informazio saioan aurkeztuko dira.

Saioa Gotomeeting plataformaren bidez egingo da eta bertan parte hartzeko, galdetegi hau beteta, aurrez eman beharko dute izena interesatuek.

Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan

Gehienez, eskualdeko 16 partaiderekin osatuko da taldea eta horiek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Gainera, edizio honetan, estreinakoz, praktikaldia ordaindu egingo zaie.

Programak, hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, 80 ordutan zehar eta irailean hasita, zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, partehartzaileek 24 orduko prestakuntza teknikoa jasoko dute eta bertan, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Udal Elkartearen arabera, “orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak. Aurreko edizioetan zehar, guztira, 165 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan”.

Printzipioz, aurrez aurreko prestakuntzari eutsiko zaio. Edozein kasutan, osasun egoeragatik aurrez aurreko saioak bertan behera geratuko balira, UKUEk jakinarazi du prest dituela baliabide guztiak, etenik gabe, programa “online” egiteko.

Izen-ematea

Hilaren 29ko informazio saioan emango dira izen-emateari buruzko argibideak. Edozein kasutan, dagoeneko eskuragarri dago izena emateko orria Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Udal Elkarteak argitu du, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu dezaketela.