Urola Kostako Udal Elkarteak 905.000 euro bideratuko ditu eskualdeko alor sozioekonomikoa bultzatzera. Horretarako lau lerrotako dirulaguntza deialdiak egingo ditu datozen egunetan. Zuzendaritza Batzordeak pasa den uztailaren 2an egindako bilkuran aho batez onartu zuenez, asmo hauetara bideratuko dute dirua:

  • Jarduera ekonomikoak sortzera edo proiektu berriak sustatzera: 150.000 euro.
  • Langabeen kontratazioa eta kalitatezko enplegua sustatzera: 75.000 euro.
  • Inbertsioetara: 500.000 euro. Arlo honetan sartzen dira negozioaren lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak, teknologia berriak eta berrikuntza enpresan txertatzekoak (besteak beste, TicketBai sistemarako fakturazio-softwareak), eta baldintza higieniko-sanitarioak bermatzekoak.
  • Enpresen lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzera: 100.000 euro.

Erakundeko ordezkariek jakinarazi dute diruz lagunduko direla 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra burututako jarduerak.

Deialdiak datozen egunetan

Iragarri dute bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta xehetasunak eskaeren oinarrietan argitaratuko direla, datozen egunetan Udal Elkartearen webgunean. Eskariak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.