Getariako Alde Zaharreko Elkano eta Aldamar kaleetan zein Kale Nagusian iazko irisgarritasun planean jasotako hainbat lan burutu dituzte. Udalak jakinarazi duenez, aipatutako plan horrek aurreikusten du kale guztietako zoladura aldatzea, baina “babestuta dagoenez eta eremu arkeologiko izendapena duenez, duen estetika lehenestea erabaki da”.

Beraz, irisgarritasuna hobetzeko, galtzada harriaren 80 zentimetroko zati bat kendu eta lur laua jarri dute. Bide batez, hainbat hobekuntza egin dituzte ur-horniduran.

Harresi zaharra

Garai bateko herriaren memoria berreskuratzeko asmotan, egungo Alde Zaharraren sarreran ere, harresi zaharraren lekuan, lurra aldatu dute. Gainera, obra egin bitartean, udaletxe aurreko tartean ere aldatzea erabaki dute.

Horrez gain, oroimenezko hiru plaka jarri dituzte: bana Kale Nagusian eta Katrapuna plazan, eta bat Elkano kalean. Lehenengoek harresia bertatik pasatzen zela gogorarazten dute, besteak, aldiz, herriaren sarrera bertan zegoela.

Dagoeneko gauzatutako lan horiek guztiak hirigintza obren lehen faseari dagozkio; bigarren fasekoak 2022an egingo dituzte. Orduan San Roke eta Iribarrena kaleetan egingo dituzte hobekuntzak.

 

Lotutako albisteak: