Larunbatean garaipena lortu zuten, igandean, aldiz, 5. postuan geratu ziren getariarrak. Beste behin, argi geratu da KAE1 Ligan lehia gogorra dela eta Getariako arraunlariek aurkari indartsuak dituztela alboan.

Segundo eta ehunen gutxiren aldearekin irabazi zuen Esperantzak larunbateko jardunaldia; hala, hirugarren bandera ekarri zuen etxera. Alde txikiarekin, baina San Pedroren atzetik aritu zen Getariako trainerua estropada guztian zehar; azkenengo momentuan, ordea, getariarrek aurre hartu eta XXXVI. Zumaiako Ikurrina lortu zuten.

Igandean, ordea, Esperantzak ez zuen zortea lagun izan Orion. 20:51,44eko denbora behar izan zuen lau luzeak egiteko, irabazleek, SDR Pedreñak, baino ia 22 segundo gehiago. Kaiku eta San Pedro izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatuak. Hala ere, getariarrek ligako lidertzari eustea lortu dute.

Atzo, 14:30ean egin zion herriak ongi etorria Getariako Arraun Taldeari eta larunbatean lortutako bandera udaletxeko balkoitik astindu zuten arraunlariek. Aste honetan, getariarrek hitzordu bakarra izango dute; larunbatean, Pedreñan (Kantabria). 16:45ean hasita, XVI Bandera Marina de Cudeyo Gran Premio Dynasol lortzeko lehian arituko dira KAE1 Ligako lehiakideak.

Argazkia: Josu Z.