Ohi modura, astelehenaz argitaratu du Osasun Sailak asteburuko COVID-19 kutsatuen txostena. Horren arabera, asteburuan lau kutsatu izan dira herrian: ostiralean bi kasu eta larunbatean eta igandean kasu bana. Hala, intzidentzia-tasak gorantza jarraitzen du eta, gaur-gaurkoz, 424,03an kokatu da.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere datuek okerrera egin dute. Intzidentzia-tasak ostiralaz geroztik beste koska bat egin du gora; 489,11tik 548,34ra. Atzo, orotara, 7.927 PCR eta antigeno proba egin eta 1.010 positibo atzeman zituzten. Hala, momentuz, %12,4koa da positibo-tasa –asteburuan zehar erregistratutako kopuru altuena–.

Positibo gehien Bizkaian zenbatu dituzte; hain justu, 552. Adin-tarteari dagokionez, 19-39 urte arteko gazteengan identifikatu dituzte kasu gehien, zehazki, 579. Erietxeetako egoerak ere nabarmen egin du okerrera. Gela arruntetan 164 gaixo daude, ostiralean baino 32 pertsona gehiago. ZIUetan, berriz, 42 lagun, ostiralean baino 11 gehiago.

 

Lotutako albisteak: