Urriaren 23an du Keta Sharks saskibaloi taldeak 2021-2022 denboraldiko lehenengo hitzordua. Bigarren urtez jarraian, Euskadiko Gizonezkoen 2. mailan lehiatuko da talde getariarra, eta aurrenengo jardunaldi horretan Askartza Claret Leioako taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. 11:00etan hasita Leioan bertan izango da norgehiagoka.

Koronabirusa tarteko, denboraldia “ezerezean” geratu dela azaldu dio ARTZAPEri Iosu Mugika Ketako koordinatzaileak: “COVIDaren ondorioz, txapelketa ofizialik gabe geratu ziren. Guri ondo etorri zaigu kategoria nahiz aurkariak ezagutzeko eta esperientzia hartzen joateko”. Zazpi talde aritu dira lehian eta Getariarrek seigarren postua lortu dute.

Partida askotan beste taldeekiko aldea “nabarmena” izan dela aitortu digu Mugikak, baina horrek aukerak eman dizkiela azpimarratu du: “Egokia izan da zer daukagun hobetzeko eta ahalik eta lanik onena egiteko nola lehiatu behar garen ikusteko”.

Aurtengoan bi kidek utziko dute taldea, baina horien ordez beste bi hasiko dira. Momentuz, Gari Manterola izango da taldeko getariar bakarra. Hala ere, fitxak egiteko aukera oraindik zabalik dagoenez, aldaketak egon litezkeela azaldu du koordinatzaileak.

Futbol taldea laster da martxan

Urtebetez geldirik egon ostean, berriro helduko dio jardunari Ketako futbol taldeak: “Badaukagu nahikoa jende eta horri ere forma ematen ari gara, nahiz eta, egungo egoeragatik, espero gabeko baja batzuk eduki”. Aurredenboraldia, berriz, uztailean hasiko dute: “Hiru aste lehenago hasiko gara aurredenboraldiarekin, urtebete geldirik egon eta gero lesioak saihesteko… Suabeago hasita, iraupen luzeagoko aurredenboraldia izango da”.

Areto futbolarekin ere segitzeko asmoa dutela aitortu digu koordinatzaileak: “Hori nola urrian hasten den, denbora gehiago daukagu. Oraindik, ez gara hasi antolatzen baina badakigu jendeak jarraitzeko asmoa duela”.

 

Lotutako albisteak: