Duela hilabete batzuk, lehen mundu biraren 500. urteurrenaren harira eta Juan Sebastian Elkanoren omenez, Eusko Jaurlaritzak Elkanoren Eguna izendatu zuen 2022ko irailaren 6a. Hala, datorren urtean egun hori jaieguna izango da Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.

Hainbat eremutan, egun horri Elkano Eguna deitu diotela ikusita, ARTZAPEko kideon artean zalatza sortu zen Elkano Eguna ala Elkanoren Eguna bietako zein den formulazio egokia. Euskaltzaindiarengana jo ondoren, Gramatika batzordeak eta Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeak, elkarrekin adostuta, honako iritzi hau eman digute:

 

  • Elkanoren Eguna da izendapenaren aukera zuzen eta egokia. Eta, bestetik, aposizio eran moldatutako Elkano Eguna izendapena ez da egokia, ez dago-eta Elkano izena duen egunik.
  • Aposizioek, sakoneko egituran, honelako moldea dute: Aizkorri [izeneko] mendia > Aizkorri mendia, Urumea [izeneko] ibaia > Urumea ibaia, San Martin [izeneko] auzoa > San Martin auzoa, Mariñelak [izeneko] elkartea > Mariñelak elkartea… Baina ez dago Elkano [izeneko] egunik. Elkano ez da egun baten izena; Aizkorri bai, ordea, mendi batena.
  • Badira aposizio eran eraturiko San Ignazio [izeneko] eguna > San Ignazio eguna, San Joan [izeneko] eguna > San Joan egunaCorpus [izeneko] eguna > Corpus eguna eta gisakoak. Baina horiek salbuespentzat hartu behar dira, izan ere, hala dira Eliza katolikoak erabaki zuelako urteko egun bakoitza santu jakin bati eskaintzea eta, azkenean, egun horren izen bilakatu dira horiek mundu katolikoan. Baina adjektibo batekin doazenean, determinatzaile-sintagma dagokie (alegia, -ko/-en atzizkiak hartzen dituzte): San Joan Bataiatzailearen eguna (*San Joan Bataiatzailea eguna), San Antonio Paduakoaren eguna (*San Antonio Padua eguna).
  • Elkanoren Eguna da aukera egokia, arestian esan bezala. Hots, joskera normalean eman beharreko egitura behar du; determinatzaile-sintagma gisara, alegia. Halaxe moldatzekoak dira beste hauek ere: Xalbadorren Eguna, Gabriel Arestiren Eguna, Nafarroaren Eguna… Eta ospakizun baten izendapena aditzera ematen denez, letra larriz hasita idazten dira hitz guztiak.
  • Esanak esan, nolanahi ere, argi gera bedi Elkano Fundazioa izena egoki eraturik dagoela aposizioan, fundazio jakin baten deitura adierazten duelako (< Elkano [izeneko] Fundazioa). Gisa horretakoak dira erakunde, enpresa eta orotariko taldeen izenak: Hezkuntza Fakultatea, Elgoibarko Euskara Mintegia edo Donostiako Udala bezalaxe
Lotutako albisteak: