Getariako Udaltzaingoak jakinarazi duenez uztailaren 31n, larunbatean, Zarautz eta Zumaia arteko errepidea moztuko dute. 11:30etik 13:00etara egongo da N634 errepidearen zati hori itxita. Alternatiba modura, Meagas auzotik igarotzen den errepidea erabili beharko da. Aurreikuspenen arabera, parte hartzaileak 12:32 aldera igaroko direla Getariatik.

2021eko gizonezkoen edizioko ibilbideak 224 kilometro ditu, duela bi urtekoak baino bi gutxiago. Lasterketa Donostian hasi eta Donostian amaituko da, eta lehenengo zatian txirrindulariek Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko dute. Zati hori, gehien bat, laua izango da; ondoren, mendiak agertuko dira. Lasterketak sei mendate puntuagarri izango ditu: Azkarate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil.

Emakumezkoen Donostiako Klasikoa

2019koak baino 12 kilometro gehiago izango ditu aurtengo ibilbideak; zehazki, 139,8 kilometro. Hau ere Donostian hasi eta Donostian amaituko da eta lau mendate puntuagarri izango ditu: Aia, Jaizkibel, Gurutze eta Murgil. Emakumezkoak, ordea, ez dira Getariatik igaroko, beste ibilbide bat egingo baitute.