Atzo bildu zen Labi Aholku Batzordea Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuela, eta egungo egoera epidemiologikoa eta Bizi Berri IV. Plana aintzat hartuta, dekretu bidez, prebentzio neurriak zorroztea erabaki zuen. Gaurtik aurrera, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak ordubete lehenago amaitu beharko dira: 02:00etarako beharrean, 01:00etarako. Horrez gain, baimendutako gehieneko edukiera %35era murriztu da lokal eta instalazio guztietan, ostalaritzan barne.

Maskarari dagokionez ere, neurriak zorroztu ditu Jaurlaritzak. Hala, “jendea biltzen den hiriguneetan” maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gainera, “ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan nahitaez eta uneoro erabili behar da maskara, barrualdeetan zein terrazetan, salbuespen bakarra elikagaiak edo edariak hartzeko unea da”. Neurriok pandemia osoan zehar egun bakar batean kasu positibo gehien zenbatu diren egunean etorri dira; alegia, 1.801 positibo.

Lehendakariak bilkuraren osteko agerraldian azaldu zuenez, Bizi Berri IV Planaren adierazleei erreparatuta, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba bigarren agertokitik hirugarrenera igaro dira. Hala, “beste ahalegin bat” eskatu die Urkulluk herritarrei eta prebentzio-neurriak betetzen jarraitzeko deia egin du: “Gehiegi erlaxatzea da irizpiderik txarrena. Beharrezkoa da norberaren babeserako neurri guztiak betetzen jarraitzea”.

Ildo horretatik, herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu die eta ondorengo neurriak hartzeko eskatu: “Gaueko ordu batetik seietara mugikortasuna mugatzea; taldea gehienez ere sei pertsonatara mugatzea; eta autokonfinamendu zein autoisolamendu pertsonala, lehen sintomak izan bezain laster, baita osasun zerbitzuekiko komunikazioa ere”.

16 urtetik gorako biztanleriaren %76ak txertoaren dosi bat eta %63ak jarraibide osoa egina dutela azaldu zuen Urkulluk. Horrez gain, 29 urtetik beherako pertsona guztien trertaketa hasita dagoela nabarmendu zuen.