Larunbateko eta igandeko jardunaldietan erabakiko da Getariako ontziak KAE1 Ligan jarraituko duen ala arrauneko maila gorenera, TKE Ligara, egingo duen jauzi. Izan ere, denboraldi paregabe baten ostean, KAE1 Ligako garaileak izan dira getariarrak eta beraz, kanporaketara sailkatzea lortu dute.

Beste lau ontzirekin batera, igoerako bi txarteletako bat eskuratzeko lehian arituko dira Getariako arraunlariak. Hain justu, SD Tirán Pereiraren –Eusko Label Ligako azken bigarren sailkatua–, Kaiku Berez Galantaren –KAE1 Ligako bigarren sailkatua– eta S.D. Samertoloameuren eta Club Do Mar Bueuren –Galiziako Ligako garaileak– aurka neurtuko dituzte indarrak.

Bi estropadetan erlojuaren aurka arituko dira bost lehiakideak. Larunbatean, 18:11tik aurrera, Bermeoko uretan egingo dute arraun, igandean, berriz, 11:50ean hasita, Portugaleten.