Estropada hasi aurretik eta estropadak iraun bitartean, tentsioa eta urduritasuna izan dira nagusi, bai Getariako Arraun Taldeko kideen artean, baita jarraitzaileen artean ere –izan ere, getariar ugari bertaratu da Bermeora TKE Ligako kanporaketa estropada ikustera–. Erlojuaren aurkako lehia izanik, estropadan zehar, kronometroari begira edota irratia entzuten egon dira zaletu gehienak.

Jardunaldiak aurrera egin ahala, lehiak itxura oso ona hartu du getariarrentzat; izan ere, lehenego ziabogara iristerako aurretik jarri da Esperantza eta horri eutsi dio estropada osoan zehar.

Lehenengo luzea amaitzerako hiru segundoko aldea atera diote bigarrenari, Bueu ontzi galiziarrari. Lau luzeak egiteko 21:25,56ko denbora behar izan du Esperantzak eta lau segundo pasatxoko aldea atera dio Samertolameu Overseari. Horiek lortu dute bigarren postua; Kaiku Berez Galanta izan da hirugarrena, laugarrena SD Tiran Pereira eta azkena Bueu. Hala, gaurko jardunaldia irabazita, lortu zezaketen puntuazio altuenarekin, bost punturekin, irtengo dira Portugaleteko uretara.

Biharko estropadari begira, gaur lortutakoa oso baliagarria izango da Esperantzarentzat, hala ere, Jon Ander De La Hozek ARTZAPEri azaldu dionez, “konfiatuko bagina, akats handi bat egingo genuke”.

 

 

Lotutako albisteak: