Cristobal Balenciaga Museoan, gaur aurkeztu dituzte erakundearen inpaktu ekonomikoaren, soziokulturalaren eta ingurumenekoaren arloan egindako azterketaren emaitzak. Museoak eta EY aholkularitza-enpresak, elkarlanean, txosten bat osatu dute; bertan, 2011tik, museoa martxan jarri zenetik, 2020a bitarteko datuak ikertu dituzte.

EY aholkularitza-enpresako Isabel Beitiak azaldu ditu azterketaren ondorio nagusiak. “Hamar urte hauetan, museoak ekonomian 48,2 milioi euro eta 321 lanpostu, zuzenean zein zeharka, sortu ditu”, adierazi du Beitiak. Horrez gain, “ekonomiari 14,8 milioi euroko ekarpena egin dio. Euskal Autonomia Erkidegokoari, berriz, 6,2 milioi eurokoa; horietatik 4,4 milioi Gipuzkoari soilik dagozkio”.

Guztira, 503.000 bisitari jaso ditu museoak. Bisitari horiek “33 milioi euro baino gehiago eta 767 enplegu sortu dituzte, zuzenean edota zeharka”, azaldu du Beitiak. Museoaren aurrekontua, bataz beste, 1,5 milioi eurokoa da urtean. Horren harira, EY aholkularitza-enpresako kideak nabarmendu du “inbertitutako diru publikoari dagokion euro bakoitza berreskuratu eta biderkatu egiten da, 1,12 euroko itzulkin positiboa sortuz”.

Ingurumenean duen eraginari dagokionez, “bisitari bakoitzak 1,92 kg CO2 sortzen ditu. 2015eko datuekin alderatuta, bisitari bakoitzak sortzen duen karbono-aztarna %80 murriztu da”.

Ekarpen kulturala eta soziala

Inauguratu zenetik gaur arte, museoaren bilduma bikoiztu eta haren balioa 12 aldiz handitu da. Gaur egun, jatorrizko 5.559 jantzik eta Cristobal Balenciagarekin eta joskintzarekin lotutako 2.950 objektuk osatzen dute bilduma.

11.495 pertsona baino gehiago igaro dira museoak proposatutako prestakuntza-programetatik, baita 1.505 profesional eta publiko espezializatu ere. “Museoak hezkuntza lan handia egiten du modaren kultura-ekarpenaren eta goi-mailako joskintzako tekniken ondare inmaterialaren transmisioaren inguruan”, adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Ikerketa “360 graduko ikuspegitik eginda” dagoela nabarmendu du sailburuak: “Datu ekonomikoez gain, azterketak bere baitan hartzen ditu guretzat, kulturaren arloa kudeatu behar dugunontzat, oso garrantzitsuak diren beste ondorio batzuk. Horiek dira modu ez ekonomikoan neurtzen diren ondorioak”. Sailburuak nabarmendu du egin berri duten ikerketak museoak “herrialdearen bizitza sozialean” sortzen dituen ondorio positiboak kontutan hartu dituela.

Zuriñe Abaloso museoko komunikazio arduradunak azpimarratu duenez, “inpaktuari buruzko lehen azterlan hau tresna garrantzitsua da museoaren planteamendu estrategikorako”.