Bikotekideak hil zuen Gasteizko emakumearen erailketa salatzeko, Mariñak Getaiko Talde Feministak deituta, elkarretaratzea egin zen atzo herriko plazan. Hainbat getariarrek egin zuten bat deialdiarekin eta “Emakumeon kontrako indarkeriarik ez!” lelopean, talde feministako kideek “amorrua, haserrea eta inpotentzia” sentitzen dituztela adierazi zuten.

Indarkeria matxista “denon erantzunkizuna” dela azpimarratu zuten eta astearteko erailketa “bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza” dela azaldu zuten; “2003tik Euskal Herrian 112 emakume izan dira erailak”. Genero indarkeria “lehentasunen” artean jartzeko deia egin zieten herritarrei: “Arduraz jokatu, baliabideak eta borondatea ipini indarkeria tinko borrokatzeko”. Berdintasunerako bidean, “urrats handiak” eman diren arren, ez direla nahikoak nabarmendu zuten.

Joan den asteartean gertatu zen Gasteizko emakumearen erailketa. Goizeko zazpiak eta hogei inguru, atzeman zituen Ertzaintzak Erikaren (37 urte) eta bere bikotearen gorpuak Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean. Biek ebaki sakonak zituzten gorputzean: lepoan emakumeak eta bularraldean gizonak. Gizonak labankadaz hil zuen emakumea eta ondoren, bere buruaz beste egin zuen.

Argazkiak: Mariñak