Guztira 650.000 euroko diru partida osatzen duten proiektuak hartzen ditu barne, herritarren ongizatea eta Getariaren garapen ekonomiko, sozial eta jasangarria bultzatzea helburu

Getariako EAJ-PNVk aurrekontuetarako proiektu proposamenak luzatu dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari 2022ko kontuak elkarlanean garatzeko. Guztira 650.000 euroko diru partida osatzen duten proiektuak hartzen ditu barne, herritarren ongizatea eta Getariaren garapen ekonomiko, sozial eta jasangarria bultzatzea helburu. Proiektu guztiak 2019-23 legealdirako Getariako EAJ-PNVk aurkeztutako hauteskunde programan barneratutako ekimenak dira.

Getariako EAJ-PNVko udal taldeko kideek nabarmendu dute “egoera pandemiko gogor batetik gatoz, baina etorkizunera jo behar dugu. Ezin gara paralisi batean egon. Herritarrek Udala behar dute, inor atzean utzi gabe, herriak eraberritzeko beharra du, proiektu kultural sendoa bultzatu behar dugu eragileekin elkarlanean, kirola sustatu, herri ekologikoago baterantz bidea egin… Udalak erronka horiei heldu behar die, denbora gehiago galdu gabe. Lana dago aurretik baina herri eragile eta herritar ehunarekin Getaria hobe bati bidea egin diezaiokegu”.

Jeltzaleek, EH Bilduren Udal Gobernuari, dokumentu batean, proiektuaren xehetasunak eta finantzazio proposamena helarazi dizkiete.

Inbertsio proposamenak puntuz-puntu:

  • Inbertsio gehien Garapenaren alorrean kokatu dute jeltzaleek, 245.000€, honako proiektuak lehenetsiz: Kotxe elektrikoak kargatzeko 3 puntu azkarren ezarpena, Zarautz jauregiaren zaharberritzea interpretazio zentro eta turismo bulego bihurtzeko, Eguzki plakak kiroldegian ezartzeko aukera azterketa, herriko merkataritzak biziberritzeko plan estrategikoa eta herrian alokairua bultzatzeko etxe zaharrak birgaitzeko laguntzak. Getariako EAJ-PNVk hainbat hizketaldi izan ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin Zarautz Jauregiaren proiektua bultzatzeko.
  • 000 euro hirigintza jarduerak burutzeko: Aldamar Parkea estaltzeko aurreproiektua idaztea, herri-bideen eraberritzea, Aldamar parkean komun publikoak ezartzeko lanak, hilerriko aparkalekuaren egokitzea eta Agirre Lehendakariaren plazatik Balentziaga kalera bitarteko igogailua ezartzeko proiektua garatzea.
  • Kiroletan, 35.000 eurorekin, futbol zelaiaren aurre proiektuaren idazketa lehenetsi dute eta baita, Surfeko eraikina konpontzeko lanak egitea.
  • Gizarte ongizatearen alorrean Larrialdi Sozialetarako etxebizitza egitea, 50.000 eurorekin.
  • Zerbitzuetan, 30.000 eurorekin, udaltzain zerbitzuak zabaltzea Aste Santuetatik Udako denboraldia hasi artean trafikoa kudeatzeko.