Atzegik 2021/2022ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu zuen atzo Zarauzko udaletxean. Gero eta gehiago gara eta nonahi gaude lelopean, kanpainak aurten 21 urte bete dituen Atzegizale figura du ardatz. Atzegiko kideek azaldu zutenez, “kanpaina bakoitzak aldarri bat izaten du helburu, adimen desgaitasuna duten pertsonek bizi egoera bat ikusarazteko. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun aldarri horren barruan gauza positiboak ere indartzea. Zer positiboagoa adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera on bat baino?”.

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak definitu zuen Atzegizalea: “Adimen desgaitasuna duten pertsonekiko errespetua, maitasuna adierazten dugunok, beraiek egiten dituzten gauzekiko prestutasuna eta errekonozimendua mantentzen dugun pertsonok gara Atzegizale”. Hala, udalak kanpainarekin bat egiten duela erakusteko, agerraldiaren aurretik eraikinaren kanpoaldean olana jarri dutela azaldu zuen.

Atzegiren datuak

Urola Kostan 99 familia dira Atzegiko bazkide, horietako 93k adimen desgaitasuna duten kideren bat dute sendian. Amaia Fesser eta Antonina Iribar getariarrak atzoko prentsaurrekoan egon ziren eta Atzegizaleek beraien bizitzan duten eragina azpimarratu zuten. Fesserrentzat “laguna izatea” da Atzegizale izatea; hala jasotzen dute Sara Urbieta eta biek kanpainarako egin duten bideoan. Hain zuzen ere, “ateak eta begiak irekitzea” da Urbietak ematen duen definizioa.

Iribarrek, bestalde, “zortea” izan dutela azpimarratu zuen: “Gure inguruan Atzegizale asko izan ditugu, eskola, lagunartean. Amaia beti joan izan da besteen etxeetara lotara, eta haiek ere etorri dira gurera. Oso pozik gaude Amaia beste bat bezala ikusi dutelako eta den bezalakoa onartu dutelako”. Izan ere, desgaitasundun pertsonek gainerakoen behar berak dituztela gogorarazi zuen.

Parte izateko deia

Kanpainaren baitan, harreman errealak islatzen dituzten bideoak, kartela eta desgaitasuna duten pertsona batek egunerokotasunean izan ditzakeen laguntza eta oztopoak biltzen dituen animaziozko pieza osatu dituzte. Atzegiren webgunean daude eskuragarri guztiak, Atzegizaleen txokoan.

Herritarrek bertan eman diezaiokete atxikipena Atzegiri, izan ere, duela hamar urte egindako kanpainan 428 Atzegizalek eman zuten izena. Orain, berritu egin nahi dute herritar konprometituen zerrenda, eta izen ematea bakarrik eskatzen da, ez bazkidetzarik ez bestelakorik.

Ospakizuna

Ekitaldia amaitu aurretik, Atzegik iaz 60 urte bete zituela nabarmendu zuten. Pandemiagatik ezin izan zutenez ospatu, neurriak errespetatuta, abenduaren 20an Kursaalera joateko deia egin zuten. Ospakizunaren aitzakian, barne eta kanpo hausnarketa egin du Atzegik bere indarguneak eta ahulguneak ezagutzeko; horien berri emango dute urte amaieran.

 

Lotutako albisteak: