VLADIMIR PUTINEK UKRAINAREN AURKA EGINDAKO ERASOA GAITZESTEKO ADIERAZPENA

2022ko otsailaren 24an, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainaren aurkako operazio militarra agindu zuen. Eskuragarri dagoen informazioaren arabera, herrialdearen ekialdeko hiri batzuei eraso egin diete eta Kiev hiriburuan ere leherketak entzun dira. Errusiako indarrek muga zeharkatu dute herrialdeko beste toki batzuetan.

Ukrainako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, tropa errusiarrak Odessa portu-hirian lurreratu dira eta hainbat tokitatik ari dira erasotzen, tartean, Krimeako penintsulatik. Krimeako penintsula 2014an anexionatu zen legez kanpo Errusiarekin eta erasoaldia Errusiatik zein Bielorrusiatik abiatu da.

Gerra hotza amaitu zenetik gatazkarik larriena izan den aldebakarreko eraso horrek, Europar Batasunaren egonkortasuna, nazioarteko ordena eta bakea arriskuan jarri nahi ditu. Getariako EAJ-PNVk hurrengoa adierazten du:

  1. Estatu subirano baten aurkako gerra-egintza hauek aringarririk gabe kondenatzen ditu.
  2. Vladimir Putini inbasioa berehala eteteko eta tropa guztiak Errusiara itzultzeko eskatzen dio.
  3. Eskatzen dio Europako Batzordeari eta Kontseiluari beharrezko neurriak har ditzatela Vladimir Putinek eta haren konplize instituzional, militar, pertsonal edo atzerriko aliatuek, Bielorrusiak kasu, atzera egin dezaten eta EBren eskura dauden tresna guztiekin zigor ditzaten.
  4. Diplomaziara itzultzeko eskatzen du, bakea berrezartzeko eta ondorio suntsitzaile gehiago saihesteko.
  5. EBri eta nazioarteko komunitateari Ukrainarako finantza-laguntza eta laguntza humanitarioa emateko eskatzen die.
  6. Getariako herritarrei dei egiten die Ukrainiako herritarrenganako elkartasuna adierazteko.

 

Getariako EAJ-PNV