Lehen mundu biraren bidaia ez ezik, “datu historiko ezagunetan oinarrituta eta marinelaren inguruko alderdi fantastikoak alde batera utzita”, Juan Sebastian Elkano Getariako marinelaren bizitza berreraikitzen eta kontatzen du Fernando Santamariaren azken lanak. Juventud argitaletxeak plazaratu du eleberria eta XXV. Nostromo Saria jaso du.

Donostiako Itsas Museoan, atzo aurkeztu zuen liburua bilbotarrak. Aurkezpenean azaldu zuenez, “munduari emandako lehen bira kontatu diguten moduagatik, Juan Sebastian Elkano historiatik desagertu zen. Izan ere, kontatu digutenen eta oraindik kontatzen digutenen interesek errealitatea faltsutu dute”.

Getariarraren inguruan egindako hiru urtetako ikerketa-lan baten fruitua izan da eleberria eta idazlearen hitzetan, “ikerketa horren helburua izan da gezurren, desitxuratzeen eta kondairen atzean dagoen egiazko Elkano aurkitzea”. Proiektu horretan, Santamariak Elkano Fundazioaren laguntza izan du. Azken horrek Elkanori buruzko “informazio eguneratua” eman baitio. Eleberrian agertzen diren pertsonaia gehienak pertsona errealetan daude oinarrituta eta autoreak azpimarratu duenez, horiek ahalik eta modu zorrotzenean islatzeko ahalegin handia egin du.

Argazkia: Elkano Fundazioa