Gipuzkoako Txapelketako bi sailkapen probetan hirugarren postua lortu eta gero, Suhar Esnalek eta Inhar Garinek lan ederra egin zuten finalean. Joan den igandean, Errenteriako Fanderia frontoian jokatu zen Gipuzkoako Txapelketako finala eta bertan lehiatu ziren bi judoka getariarrak.

Norberak bere kategorian, randoria bat irabazi eta bi galdu zituzten. Entrenatzailearen hitzetan, “kementsu lehiatu ziren eta randoria guztietan, teknikoki, maila oso altua erakutsi zuten. Suharren kasuan, bere lehen randorian, bi minutuz gogotsu jardun ostean, urrezko teknikara iristean, urduritasunari eutsiz, garaipena lortu zuen. Inharrek, berriz, lehen randoria irabazi ondoren, bigarren randorian, ia aurkaria harrapatu eta irabaztea lortu bazuen ere, azken segundoetan alde egin zion”. Getariako Taiko Judo Klubetik jakinarazi dutenez, “egun, alebin txiki kategorian, soilik, bi ikasle horiek daude eta biak finalean sartzea garaipen handi bat izan da.”

Gipuzkoako Txapelketako finalarekin, Taiko klubeko kideek amaitu dituzte 2021-2022 denboraldiko txapelketak. Klubetik jakinarazi dutenez, ikasturtea amaitu arte entrenatzen jarraituko dute judoka guztiek. Datorren urteari begira, berriz, talde berriak osatzeko asmoa dute; lau urteko haurrei zuzendutako hastapen saioetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailaraino. Horrez gain, aurten hasi diren helduen taldea ere “indartzeko eta handitzeko” asmoa dute. Klubetik “judogirik sekula jantzi ez dutenak edota judoka ohi guztiak gonbidatu” dituzte judoa egitera.

Shalva Jhokdze zazpigarren Espainiako Txapelketan

Shalva Jhokdze, Getariako Taiko Judo Klubeko ikasle ohiak, “izugarrizko” denboraldia egin du. Gaur egun, Judo Klub Lizardin dihardu eta aurten, Gipuzkoako eta Euskaldiko garaile izateaz gain, Espainiako txapelketan zazpigarren postua erdietsi du.

Lotutako albisteak: