Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, eskualdeko merkataritza eta zerbitzu sektorearentzat trebakuntza saioak prestatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Ekimenaren xedea da “eskualdeko merkataritza eta zerbitzuen alorreko negozioen irudia hobetuz, sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea”.

Maiatza eta ekaina bitartean, 16 orduko bi ikastaro egingo dituzte. Lehenengo programan, komunikazioa hobetzeko tekniketan eta praktiketan sakonduko dute. Bigarren ikastaroan, berriz, ingurune digitala lantzeko eta sare sozialetako estrategiak garatzeko marketin eta digitalizazio tresnak landuko dituzte.

Komunikazioa hobetzeko teknikak

Komunikazio gaitasunak garatzeko eta bezeroarekiko harremanetan trebatzeko, hainbat teknika eta praktika landuko dituzte: “Jardun profesionalean, bezeroekiko enpatiaz eta errespetuz, gatazkak konpontzeko eta negoziazioak bideratzeko gakoak eskainiko dira”. Ostiralean, maiatzaren 20an, hasi eta ekainaren 6ra arte, astero bi orduko hiru saio egingo dituzte; astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan.

Marketin eta digitalizazio tresnak

Marketin eta digitalizazio tresnen bitartez, sare sozialetarako estrategiak garatzen ikasiko dute parte hartzaileek. Marketin kanpainak diseinatzen, eduki interaktiboak sortzen eta, besteak beste, WhatsApp Business erabiltzen trebatuko dira. Ekainaren 8tik 24ra izango da ikastaroa; astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dituzte bi orduko saioak.

Udal Elkartearen egoitzan, 14:00etatik 16:00etara, saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira. Izena emateko epea bihar, maiatzak 18, amaituko da; plaza kopurua mugatua izango da.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea