Saregileen erretiratzeko adina gainerako lanbideetako adin ofizialari aurreratzea da Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Legearen proposamen berria. Aste honetan, Espainiako Ministroen Kontseiluak behar adina babes lortu du hori aurrera ateratzeko eta azkenik indarrean sartuko balitz, besteak beste, saregileek adin ofiziala baino lau urte lehenago erretiratu ahal izango lukete.

Getariako saregileek “kanpai soinu”tzat hartu dute neurri berria eta ez dute argi ikusten aplikatzera helduko direnik. “Aplikatzea gertatuko balitz, ondo. Baten batzuei eragingo liguke”, azaldu du Enkarna Olaskoaga. Izan ere, zenbait saregileri urte gutxi falta zaizkie erretiratu ahal izateko.

Zalantza hor dago, ordea, eta hitz egin dute horretaz elkarrekin: “Lehen ere gauza hauek mugitu izan dira eta gero atzera egin izan da. Badirudi orain gauzak oso aurreratuta doazela, hala esan digu gure ordezkariak ere, baina inork ez daki zer gertatuko den”. Oraindik ibilbide luzea geratzen dela uste dute.

Gaur egun, itsasoan lanean aritzen diren gizonezkoak, 14 urterekin hasi zirenak adibidez, 57 urterekin ari omen dira erretiroa hartzen. Emakumeak, berriz, “65 urterekin, zortea dutenek, besteek 66-67 urterekin”.

Kotizazioa gakoa

Kotizazioetan dago gakoa emakume askoren kasuan. Olaskoagak azaldutakoaren arabera, beraien ustez, lanean kotizatuta aritu direnek izango dute aukera lehenago erretiratzeko; askok, ordea, ez dituzte autonomoei eskatutako 37-38 urteak kotizatu eta haiek 67 urtera arte egin beharko dute lan. Horren baieztapenik ez dute oraindik, ordea, eta ez dakite nola aplikatuko duten iragarritako neurri berria.