Joseba Sarrionandia idazleak eta Aristides E. Hernandez Guerrero Ares ilustratzaile kubatarrak elkarlanean egindako Munduari bira eman zion ontzia liburu ilustratua aurkeztu dute gaur arratsaldean Getarian. Ekitaldi nagusia Iturzaeta Herri Eskolako aretoan egin bada ere, herritar dezente gerturatu da aurrez Gure Txeruren lokalean Aresen lanekin osatutako erakusketara. Argitalpenerako ondutako irudien hautaketa bat jarri du ilustratzaileak. Horiek ikustearekin batera, liburua erosteko nahiz Sarrionandiarengana gerturatzeko aprobetxatu dute hainbat getariarrek.

 

Aurkezpenean, liburuaren ezaugarriak azaldu ditu Pamiela argitaletxeko ordezkariak. Bi edizio izango ditu: kartoizko azalduna eta azal bigunekoa. Oraingoz euskaraz soilik argitaratu da, baina katalanez, galegoz eta gaztelaniaz ere kaleratuko da. Nerabeentzako lana da, 12 eta 16 urte artekoentzako irakurgaia.

“Gure belaunaldiak adin horretan hartu zuen ilusioa euskara berreskuratzeko. Gizarte erdaldundu batean bizi ginen, euskara espazio publikoetan debekatuta zegoen eta erabaki genuen jaso genuen formazioaren kontra, euskaraz egitea; ilusio horrekin mugitu ginen. Orain, bueltatu naizenean, ikusi dut alderantzizkoa ari dela gertatzen: euskararen kontrako debeku hori ez dagoenean, babesa duenean, adin horretako gazteek ilusio handiarekin hitz egiten dute erdaraz. Zerbait gertatzen da, ez dute zer irakurri, beharbada”, esan du Sarrionandiak.

Hala, argitaletxekoek azaldu dute lan berri honek munduari lehen bira eman zion itsasontziaren istorioa kontatzen duela baina ez dela “heroi baten istorioa, ez krimenen kondaira bat”. Traizioaz, bizirauteko grinaz, gutasunaz, gerraz, emakumeen zapalkuntzaz, iraganaz eta orainaz dihardu, amona baten eta bere bilobaren arteko elkarrizketa ardatz hartuta.

“Naufragio baten historia”

Sarrionandiaren esanetan, historia iragandako zerbait bezala erakusten da baina “historia presentea da”. Oraindik ere XVI. mendeko historian jarraitzen dugula azaldu du, antzeko botere harremanekin. Aurreko mendearen amaieran sortutako gerrarik gabeko munduaren itxaropena ere amaitu dela uste du, eta hizpide izan du, besteak beste, Ukrainako gerra. “Ikusten da humanitatearen historiak jarraituko duela era horretan, naufragio baten moduan”, aurreikusi du.

Elkanoren mundu bira ere “naufragio baten historia” bezala deskribatu du. “Beti aipatzen da abentura bidaia polit eta arrakastatsu modura baina ondo irakurriz gero, naufragio baten historia da. 300dik gora pertsona atera ziren itsasontzietan eta 21 itzuli ziren; beste batzuk geroago”, zehaztu du. Konparazioa eginda, “esan daiteke ordutik hona heldu den kapitalismoaren historia ere naufragio batena dela, arrakasta edo diru irabazi batzuen historia baina jende askoren sakrifizioaren gain”. Ondorioz, bidaia hura “gure zibilizazioaren historiaren metafora moduan” analizatu daitekeela iritzi dio.

Bertaratutako jendearekin solasaldian, historia behar bezala kontatzen den edo zuritu egiten den galdetu diote Sarrionandiari. Adierazi du egungo gizarteak, oro har, epaitzeko joera duela eta historia ez dela epaitzeko gauza, “ezagutzekoa baizik”. Asmo horrekin, liburuan Elkano egoeren arabera mugitzen den pertsonaia bezala irudikatu dute: “Saiatu gara bere figura husten, esateko pertsonaia hori ez dela inor eta irakurleak betetzeko hutsune hori. Beraiek sartu daitezela pertsonaia horren zirkunstantzietan. Elkanoren irudirik ez dugu sartu eta bera aipatzen da hainbat aldiz neskatoaren jakin-min galderetan eta amonak ematen dizkion erantzun ez osoetan. Hor geratzen da airean, irakurlearen zain”.

Bestalde, kontaketa emakumeek egitea hautazko erabakia izan da, eta liburuaren izenburuak ere badu loturarik horrekin. Agatha Christieri egiten dio erreferentzia Sarrionandiak liburuaren amaieran: “Ikusiko duzue liburuaren gaia, ontzia, beste zerbaiten metafora dela”.

Iraganaren eta orainaren arteko lotura

Ares ilustratzailearen lanek, mundu biraren nondik norakoak azaltzearekin batera, istorioa eta historia uztartzen ditu, iragana eta orainaren arteko jauzia egiteko lagungarri dira. Berak azaldu duenez, aurrez eginak zituen ilustrazioak Sarrionandiaren lanetarako, azaletarako normalean. Proiektu honetan, aldiz, hasieratik aritu dira elkarlanean.

Idazle iurretarra “lanean obsesiboa” dela adierazi arren, emaitzarekin oso gustura dago. Gainera, aitortu du historiaz asko ezagutzeko aukera eman diola proiektuak.