Elikagaien Bankuarekin eta Emausekin lankidetzan, Foru Aldundiako Ingurumen Departamentuak martxan jarritako sentsibilizazio kanpaina da “Olatu solidarioak”. Egitasmoak bi helburu nagusi ditu: batetik, hondakinak bereizi eta gaika biltzearen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzea eta bestetik, Elikagaien Bankurako elikagaiak biltzea. Kanpainak Gipuzkoako bederatzi hondartzatan egingo du geldialdia; atzo heldu zen Getariara eta datorren astelehena arte bertan egongo da. 

Haritz Alberdi alkateak nabarmendu du, “herrian bertan, eskuartean ditugun erronka desberdinen artean” daudela bi gai horiek. Osasuna eta ongizatea bermatzeko beharrezko janaria izatea oinarrizko giza eskubidea dela aldarrikatu du eta beraz, Elikagaien Bankuarekin kolaboratzeko deia egin die herritarrei. Zentzu horretan, adierazi du “udalaren, Caritasen eta Elan-Euskadiren elkarlanari esker, Getariak ere hilero jasotzen du Elikagaien bankutik 75 pertsona ingururentzako janaria”. Hondakinen gaia ere hil hala bizikoa bihurtu dela azpimarratu du: “Herritarrek Getariako hondartzez gozatzea nahi dugu, baina gozamen hori naturarekiko errespetuan eta modu jasangarrian izatea ezinbestekoa dela uste dut. Horregatik, bertara datozenei kontsumo arduratsua eta hondakinen sailkatze egokia egiteko deia luzatu diegu.”

Sentsibilizazio kanpaina Zarautzen hasi zen orain bi aste, eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eskerrak eman dizkie herritarrei “oraingoan ere elkartasuna adierazi dietelako zaurgarrienei”, eta gogorarazi du “desberdintasun-tasa txikiena duen Europako lurraldeetako bat gara, baina hala ere, beharrezkoa da pertsona ahulenekiko berdintasun-politikak sendotzen jarraitzea”.

Belen Mendez de Vigo, Elikagaien Bankuko presidenteak baieztatu du onduradun kopurua handitzearekin batera, beharrak ere areagotu egin direla: “Gure ustez, bi arrazoiengatik handitu da onuradunen kopurua; Ukrainako gerraren ondorioz lekualdatutako pertsonak ugaritu direlako eta oinarrizko produktuen prezioa igo delako”. Begoña Cabaleiro Emaus Gizarte Fundazioko komunikazio arduradunak, berriz, ingurumenaren zainketan jarri du fokua: “Kontsumo arduratsua, berrerabiltzea, birziklatzea eta ekonomia zirkularra udan ere gogoan izan behar dira. Jasangarria izaten jarraituz, gozatu daiteke; hondartzara bizikletan joan gaitezke, tokiko eta sasoiko produktuak eraman ditzakegu edota iturriko ura kantinploran eraman dezakegu”.

Aurtengo denboraldian, hondartzen kudeaketa orokorrerako milioi eta erdi euro bideratuko ditu Ingurumen Departamentuak: sentsibilizazio kanpainaz gain, hondartzen garbiketa, bideometria sarea eta Nik Hondartzak aplikazioaren eguneraketa egiteko nahiz salbamendu zerbitzuan laguntzeko.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Lotutako albisteak: