Aurten ere Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak zuzenduriko Zero Zabor Uretan egitasmoan parte hartzen ari dira Iturzaeta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleak. Egitasmo horren leloari jarraituz, Zaborrik hoberena sortzen ez dena, herriko hainbat eragileren parte hartzearekin, marrazki lehiaketa bat jarri dute martxan.

Herriko haurrek itsas hondakinen arazoa eta konponbideak erakutsi nahian, marrazkiak sortu dituzte. Asteartetik, lan guztiak ikusgai daude udaletxeko sarreran; gaurkoa izango da erakusketa ikusteko azken eguna –12:00etatik 20:00etara egongo da udaletxeko sarrera zabalik–. Gaia ondoen islatzen duen marrazkiak herriko dendetan agertzeko aukera izango du, “horrela, herriko komertzioak ere itsasoaren zainketan inplikatuz”. Mater ontzi museotik, erakusketatik pasa eta marrazkiak bozkatzera deitu dituzte herritarrak.