Elkano Fundazioak sustatuta, Elkanoren oroitzapena: ondorioak eta galdera berriak ikastaroa egingo dute EHUko Udako Ikastaroetan. Donostiako Carlos Santamaria zentroan izango da mintegia uztailaren 7an eta 8an eta online ere jarraitu ahal izango da. Matrikula doakoa da eta EHUko Udako Ikastaroen webgunearen bidez eman daiteke izena.

Saio horietan, mundu biraren bosgarren mendeurrenaren harira egin diren eta egingo diren ospakizunen arrazoiez hausnartzeaz gain, duela 500 urte gertatutakoak egungo munduarekin duen harremana aztertuko dute.

Ikastaroaren programa

Igone Mariezkurrena antropologoak eta kazetariak moderatutako bi mahai-inguru egingo dituzte uztailaren 7an: alde batetik, Zer, nola eta zertarako… oroitzapen egin? eta bestetik, Bestelako begiradak eta kontaerak. Lehenengoan, Agustin Arrieta EHUko filosofiako irakasleak eta Itxaro Borda idazleak parte hartuko dute; bigarrengoan, berriz, Sirio Canos Donnayk, INCIPITeko arkeologoak eta antropologoak, eta Nelson Aguilerak, Txileko Austral Unibertsitateko antropologoak.

Ostiralean, uztailaren 8an, beste bi foro egingo dituzte. Horiek Ander Izagirre kazetariak eta idazleak gidatuko ditu. Itzuli berri bat munduari saioan Alvaro Aragon EHUko Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko irakaslea eta Agus Morales Revista 5W-ko zuzendaria izango dira partaideak. Iraganetik gerora, zer transmititu? mahai-inguruan, berriz, Caros Ciriza Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle laguntzaileak eta Xabier Kerexeta Gordailua-Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko etnografoak parte hartuko dute.

Bi egun horietan, ahozko komunikazioak ere egingo dituzte. Hala, zenbait ikertzailek ikastaroko gaiei buruzko lan-ildoak, proiektuak edo esperientziak azalduko dituzte.