Datozen egunotan, pilotaz gozatzeko parada izango dute getariarrek. Izan ere, gaurko gizonezkoen Caixabank Masters txapelketako partidez gain, haurren eta emakumezkoen Elkano Sariko finalak jokatuko dituzte, hurrenez hurren, bihar eta etzi. Bi sariketak frontoian jokatuko dituzte, 18:30etik aurrera.

Bihar, VII. Haurren Elkano Sariko finalak jokatuko dituzte. Txapela nork lortuko, hiru kategoriatako pilotariak arituko dira norgehiagokan. Benjamin mailakoak izango dira frontoira irteten lehenak: Aranburu/Egiguren (Ilunpe) eta Orozko/Juaristi (Azkoitia). Atzetik, kimuak arituko dira, tartean, herriko pilotariak: Aranburu/Bordagarai (Gure Txeru) eta Ansola/Urrestilla (Ilunpe). Azkenik, haur-kategoriako finala jokatuko dute, hemen ere getariarrik izango da: Etxaniz/Alvarez (Azkoitia/Gure Txeru) eta Aldazabal/Arregi (Azkoitia).

Larunbatean, berriz, V. Emakumezkoen Elkano Sariko finalak jokatuko dituzte. Lehenik, promozio mailako finalistek jokatuko dute partida. Hala, Zabaletak eta Oskozek Barrocalen eta Ibarrolaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, lehen mailako pilotarien txanda izango da. Iturriaga eta Mendiburu Ruiz de Infanteren eta Osesen kontra arituko dira lehian.