Ekainaren erdialdera atera zuten argitara Xabi Solanoren Bi mundu kanta. Oraingoan, ordea, bideoklipa da estreinatu berri dutena. Irudiak joan den ekainean grabatu zituzten, Elkano Itsas Herria egitasmoak Lekeition egindako geldialdian eta, udaran, euskal kostaldea zeharkatzen ari den Juanita Larando ontzia (XVIII. mendeko patatxa baten erreplika) da bideoko protagonista nagusietako bat.

Ontzian, Solanoz gain, ondorengo taldeetako dantzariak agertzen dira dantzan: Kimua Dantza Kolektibokoak, Oinkari Dantza Taldekoak, Aukeran Dantza Konpainiakoak, Bizkargi Dantza Taldekoak, Kresala Dantza Taldekoak eta Euskal Herriko 2022 Dantza Sueltoko txapeldunak. Irudiak Lekeition grabatu izana ez da izan kasualitatea. Izan ere, duela 500 urte, bertan eraiki zuten Trinidad ontzia (jatorrian, Santa Catalina de Siena). Ontzi hura izan zen, hain justu, Elkanoren gidaritzapean burututako espedizioko ontzi-buruzagia. Trinidadek, Victoria ontziarekin batera, Moluka uharteetara heltzea lortu zuen.

Elkano Fundazioaren proposamenari helduz, Bi mundu abestia Solanok konposatu eta abesten du. Hitzak, berriz, Jon Garmendia Txuriyarenak dira. Elkanok munduari emandako biran inspiratutako kantua dela azaldu dute fundaziotik: “Euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik, aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jarri du arreta”. Kantua sortzeko, Cabo Verdera egin zuen bidaia Solanok –Iberiar penintsulara itzuli aurretik, Elkanok eta gainerako eskifaiak bertan egin zuten azkeneko geldialdia–. Hango hainbat musikarik parte hartu dute abestiaren sorkuntzan: Solangek, Tareza Fernandesek, Africanok, Ferrok, Pascoal Fernandezek, Batucok eta Khaly Muzikek. Horiez gain, Euskal Herriko musikari ugarik ere parte hartu dute: Aritz Beristain, Aitor Zabaleta, Txus Aranburu, Zigor Lampre, Iñigo Egia, Arkaitz Miner, Ander Sanjose eta Moonshine Wagoneko Lander eta Goiatz.

Abestia Elkar (Euskal Herria), Khaly Muzik (Cabo Verde) eta Afterhours (Los Angeles) estudioetan grabatu dute.

Lotutako albisteak: