Joan den urte amaierako prezio igoera adostua izan daitekeelakoan, Lehiaren Euskal Agintaritza Getabat Getariako ostalarien elkartea ikertzen ari dela argitaratu du Argia aldizkariak. Dioenez, ikerketa txostena maiatzean ireki zuten eta ordutik, 18 hilabeteko epean, izapideak egin eta ebazpen bat adostu beharko dute. Erabakitakoaren arabera, Getabat elkarteak zigor bat jaso dezake edo kasua artxibatuta gera daiteke.

Leiharen Euskal Agintaritzak ofizioz hasi ei du ikerketa, baina El Diario egunkariak jakinarazi duenez, herriko bizilagun batek salaketa anonimo bat jarri du. Hedabide horrexek eman du Lehiaren isilpeko txosten horren berri. El Diarioren arabera, prezioen igoera ez da beste herri batzuetan tabernek eginikoa baino handiagoa izan. Ikerketaren muina bestelakoa da: herriko ostatuek
–gehienek, batzuk kanpoan geratu baitira– igoerak adostu eta batera egin izana da aztertzen ari direna. Irregulartasun horiek egon direla baieztatuz gero soilik, jarriko lioke zigorra Lehiak Getabat elkarteari.

Prezio igoera horien aurrean, SOS Herritarrak dinamika sortu zen Getarian eta orduz geroztik, hainbat ekimen antolatu dituzte prezio igoerak salatu eta alternatibak eskaini asmoz. Euren desadostasuna adieraziz, Heldu kartera lelopean, SOS Herritarrakek idatzi bat plazaratu zuen abenduaren 10ean. ARTZAPE aldizkariaren urtarrileko alean ere, gai horixe jorratu zen eta bertan daude jasota SOS Herritarrakeko kideen nahiz ostalarien iritziak eta hausnarketak.