Datorren igandeko estropadak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean udal ordezkariek eta Getariako Arraun Elkartekoek herriko plazan. Bi bandera izango dira lehian: Euskotren Ligan, Getariako Ikurrina – 500. Urteurrena Saria eta Eusko Label Ligan, Getariako XIII. Ikurrina – 500. Urteurrena Saria.

Arraun Elkartearen izenean Xabier Goikoetxea presidenteak hitz egin du. Jakinarazi duenez, arraunlariak “motibatuta” daude eta igandekoa denboraldi honetan egiten ari diren lanaren jarraipena izatea nahiko luke. Gainera, gogoratu du iaz bandera herriko taldeak irabazi zuela.

Eneida Etxabe arraunlari ohia ere, klubaren kamiseta soinean, aurkezpenean izan da. Aurkezpenean, emakumeen ligako bandera izan du esku artean; aurten lehen aldiz egongo da jokoan bandera hori.

Taldea animatzeko deia herritarrei

Haritz Alberdi alkateak azpimarratu du ilusionagarria dela Esperantza TKE Ligan aritzea eta igandekoa “pozez betetako momentua” izango dela iragarri du. Salbatore Jaien baitan jokatuko direnez estropadak, arraunlariak animatzeko deia egin du Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak.

Hala, 11:00etan plazan batu eta herriko trikitilari zein pandero jotzaileekin nahiz txistulariekin moilara jaitsiko dira, kirolariak hauspotzera. Estropada ikusteko bi pantaila jarriko dituzte: bat moilan eta bestea herriko plazan.

 

Lotutako albisteak: