Goiza haur parkean jolasean pasa ondoren, 12:00ak gerturatu ahala, haur, gaztetxo zein gurasoak plazaren inguruan bildu dira haurren txupinazoa ikusteko. Pixkanaka, Alkate Txiki egunean agintea hartutako udal ordezkariak udaletxeko balkoira irten dira, herritarrei jaiak ongi pasatzeko desiratzera. Bide batez, etxekoei eskaera bat egiteko baliatu dute aukera: jaietan beranduago etxeratzen uztea nahi dute.

Gora Salbatoreak! oihuarekin batera jaurti dute txaferua eta udaletxeko atearen inguruan zeuden ausartak atea ireki eta buruhandiak noiz aterako geratu dira. Haatik, lehenago, hauek ere udaletxeko balkoitik agurtu dituzte herritarrak. Sortu dute buruhandiek halako zirrara bat, batez ere, haurrengan, eta Tartalori deika aritu da bateren bat plazatik.

Minutu gutxiren buruan, udaletxeko ateak ireki eta lasterka irten dira buruhandiak. Lehenbizi plazan, eta ondoren, txistulariek lagunduta, Kale Nagusian behera ibili dira. Elkano kalean, denda zein tabernetan sartu-irtenean aritu dira ume getariarrak, haiek noiz etorriko.

Arratsaldean haur parkea irekiko dute berriro eta goizeko ilaren ondorioz behar bezala gozatzerik izan ez dutenek aukera berri bat izango dute.

 

Lotutako albisteak: