Sahara Gara egunarekin bat eginda, Oporrak Bakean programarekin Tindufeko kanpalekuetatik Gipuzkoara etorritako umeei harrera egin zieten atzo Zarauzko Udalak. Haurrez gain, ekitaldian izan ziren harrera familiak, Saharautz elkarteko ordezkariak, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Patxi Elola Kooperazio zinegotzia.

Azken horrek adierazi zuenez, “pandemia guretzat gogorra izan bada, zer esanik ez haur hauentzat, hona etortzeko aukera galdu dute bi urtez”. Oporrak Bakean programak 9 eta 12 urte bitarteko haur sahararrei ematen dien aukera nabarmendu zuen Elolak, eta gaineratu, lanean jarraituko dutela umeek urte luzez etortzeko aukera izan dezaten.

Txurrukak eskerrak eman zizkien harrera familiei, gaur egun direnei zein uneren batean etxean haurren bat hartu dutenei. Xabier Euzkitzek, Saharautzeko ordezkari gisa, eskerrak itzuli zizkien erakundeei, haien babesa ezinbestekoa dela azpimarratuta. Era berean, saharar errefuxiatuen kanpalekuetako egoera gogorra gogorarazi zuen: “Egoera politikoa, geopolitikoa eta ekonomikoa ez dira beraien aldeko; gainera, mundu mailako krisi bat dagoenean, haiei ere ikaragarri erasaten die. Baikor izateko motibo handirik ez dagoela dirudi, baina beraiek etsitzen ez badute, guk ez daukagu etsitzeko eskubiderik”.

Bi urteko etenaldiaren ondotik, aurten zortzi haur saharar etorri dira Urola Kostako familiekin uda pasatzera, horietako bat Getariara.

 

Argazkia: Zarauzko Udala.

 

Lotutako albisteak: