Gaurko estropadan, orain artean lortu gabekoa eskuratu du Esperantzak: ohorezko txandan arraun egiteko txartela. Hondarribiko uretan estropada ikaragarria egin ostean, laugarren lekuan amaitu du ligako 11. jardunaldia. Bihar, beraz, etxean jokatuko duten estropadan, Eusko Label Ligako ohorezko txandan irtengo dira, estreinakoz, arraunlari getariarrak –eurekin batera Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarra izango dira–. Gaurko emaitzaren ostean, bestela ere berezia izango zen biharamuneko estropada are bereziagoa bihurtu da.

Herrian ilusioa nabarmena da eta, beste behin, herritarrek euren indarra eta babesa adierazi dizkiete arraunlariei. Hala, estropadatik bueltan, errepide nagusiaren inguruan bildu da getariar andana eta, musika bandako zenbait kideren laguntzarekin, pozez oihuka agurtu dituzte Esperantzako mutilak.

Bihar, uztailak 7, 11:00etan, plazan elkartu eta, kalejiran, moilara jaisteko deia egina dago Salbatore Jaietako programan. Hala, trikitilariekin eta panderojoleekin batera, jaitsiko dira herritarrak portura XIII. Getariako Ikurriña – 500. urteurreneko Saria ikustera eta, nola ez, Esperantza animatzera.