Beste behin, argi geratu da Getariako afizioa itzela dela. 11:00etan hasita, trikitilarien eta panderojoleen laguntzarekin, kalejiran jaitsi dira herritar ugari portura. Hala, Esperantzako mutilak noiz agertuko, Altxerrian egon dira guztiak zain. Nola ez, ez dira falta izan Esperantza oe! eta antzeko animo oihuak.

Gaurko protagonistak Altxerrira heldu orduko, giroak eztanda egin du. Arraunlariak serio eta kontzentratuta egon arren, denei irribarre bat marraztu zaie aurpegian. Herriak egindako harrera horren aurrean, arraunlarietako batek aitortu digu oilo ipurdia ere jarri zaiola.

Behin uretaratuta, arraun egiteko unea iritsi zaie getariarrei. Jakitun ziren atzo lortutakoa ikaragarria izan zela, eta gaurkoan ere, dena emateko prest irten dira Ion Larrañagaren mutilak lehiara. Eusko Label Ligan, estreinakoz, ohorezko txandan egin du arraun Esperantzak, Urdaibairekin, Hondarribiarekin eta Donostiarrarekin batera.

Getariarrek lanak ondo egin dituzte, horren adierazle lortutako emaitza. Euren txandan hirugarren postua eskuratu dute eta sailkapen orokorrean, zazpigarrena. Estropadan, Hondarribiak ezustekoa izan du; hain justu, bigarren ziaboga hartzera zihoala, trainerua buiaren barruko aldetik sartu zaie eta ondorioz atzean geratu dira –kale berdinetik, lehenengo txandan irten den Aresi ere gauza bera gertatu zaio–. Getariarrek euren aukera ondo aprobetxatu dute eta hondarribiarren aurretik helmugaratu dira.

Gizonezkoetan, Urdaibaik lortu du XIII. Getariako Ikurriña – 500. urteurrena Saria. Emakumezkoetan, berriz, Oriok astindu du bandera.

Urrats bat aurrera

Asteburuan egindako lan bikainari esker, Kaikuri aurre hartu eta sailkapen orokorrean pauso bat gora egin du Esperantzak. Hala, gaur gaurkoz, 76 punturekin, bosgarren lekuan dago; aurretik, 115 punturekin, Orio dute eta atzetik, hiru puntu gutxiagoarekin, Kaiku. Datorren asteburuan, beste bi hitzordu izango dituzte: larunbatean, Ondarroan eta igandean, Castron. Dagoeneko, liga erdia egina dute eta denboraldi hasieran inork aurreikusi gabeko lorpenak egiten ari dira.