Aurtengo udan, Joseba Fuentesek eta Lander Ucinek hartu dute lizitazioan Katrapuna plazako kantina. Bikote getariarrak, beste zenbait kiderekin batera, lantalde ederra osatu du eta ekainaz geroztik, buru-belarri dihardu lanean. Tabernako zerbitzuaz gain, astero-astero, kultur programazio zabala prestatu dute eta artista ugarirentzat plaza erakargarria bihurtu da.

“Herriak hau uzten digu eta orduan, herriari ere eman egin behar diogu”, horixe da Joseba Fuentesen aburuz, euren jarduteko moduaren oinarrian dagoen filosofia. Ikusmolde horrekin aritzea jendeak eskertu egiten duela eta, era berean, jendea erakartzen duela azaldu dute Joseba Fuentesek eta Lander Ucinek.

Bi getariarrentzat Katrapunako kantina elkarrekin ustiatzen duten hirugarren aldia da aurtengoa. 2016an, ordea, Fuentes, Barbara Azkuerekin batera, estreinako aldiz aritu zen. Uda hura gogoratzean hauxe aipatu du Fuentesek: “Plazak oraindik ez zeukan gaur egun daukan indarrik. Orduan, jendea erakarri egin behar zen. Gainera, kultur arloan hutsunea ikusten genuen herrian. Batez ere, udaran, geldialdia egiten zen eta herritarrentzako eskaintzarik ez zegoen; hori betetzea zen gure helburua”. 

Gaur egun, egoera oso bestelakoa da. Udaran herrian dagoen kultur eskaintza zabalagoa izateaz gain, jendea erakartzeko beharrik ere ez dutela adierazi dute. Hala ere, euren eginahalak norabide berean doaz. “Getaria bizirik egotea da gure helburua”, dio Ucinek, “gaur egun udalak gauza gehiago antolatzen ditu, baina guk ere egiten baditugu, hori gehiago”. “Elkarlan bat da. Guk udalean aurkeztu egiten ditugu, gutxi gorabehera, hilabetean egingo ditugun gauzak eta beraiek ere bai. Horrela antolatzen diren ekintzek bat egitea saihesteko”, gaineratu du Fuentesek. 

Uztailean zehar 11 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte. Orain bi urte, 40-50 kontzertu antolatu zituztela eta aurten ere bide beretik doazela aipatu dute. Ucinen hitzetan, herriko jendeari, tabernako zerbitzuaz gain, beste zerbait gehiago eman nahi diote: “%80an, herriko jendearekin egiten dugu lan. Herriko jende hori egunero etortzen zaigu; batzuk egunero leku berean esertzen diren lagun taldeak dira. Ez ote diegu pertsona horiei sari bat emango? Zerbait desberdina? Zer hobe bertako jendea etortzea baino?”. 

Hala, ekaina hasieran, “sare sozialetan zabaldu genuen plaza hau irekia dela eta etorri nahi duenak gurekin kontaktatzeko, eta uste baino jende gehiagok idatzi digu”, dio Ucinek. Ahalik eta kontzertu gehien egitea da euren asmoa —gaur-gaurkoz, nagusiki kontzertuak antolatu dituzte, baina bingoa edota zuzeneko podcast saioa ere egin dute—. Azaldu dutenez, beste leku batzuetan bezainbeste ordaintzeko aukerarik ez dute, “gure aurrekontua ez baita handia”, baina talde guztiei diru kantitate bat ematen diete eta “momentuz, guztiak konforme egon izan dira. Normalean, jendeak gustura egon dela adierazi izan digu. Batek baino gehiagok esan digu ez duela inoiz horrenbeste jenderen aurrean jo. Hori guretzako ere bada garrantzitsua”, adierazi du. Mota eta adin guztietako proiektuentzat dago zabalik plaza. Hala, balantza orekatzen eta interes nahiz gustu desberdinetako herritarrak asetzen saiatzen dira.

 

Fuentesek nabarmendu duenez, “denok irabazten dugu: hona etortzen direnek beraien burua ezagutarazten dute, guk eskaintza kulturala ematen dugu herrian  eta herriak horiez gozatzen du”. Gainera, bi getariarrek lekua paregabea dela azpimarratu dute eta ilunabarrean, musikarekin, “momentu bereziak” sortzen direla.

Herriaren “mamia”

Aitor Irigoienek Bodegatik podcast saioaren zuzeneko emankizunean aipatu zuenez, duela 11 urte inguru, Nika Lertxundi alkate ohiaren “ideia zoro” bat izan zen Katrapunarena, eta egitasmo horrek helburu jakin bat zuen: “Katrapunari bizitza eman, herritartu, piztu eta jendea bertara erakarri”. Plaza bisitatze hutsarekin nahikoa da ezarritako xedea lortu dutela baieztatzeko.

Irigoienek berak azaldu zuen “postalekoa baino nahiago dut kaleetakoa den herria, mugitua, konprometitua, bizia”, alegia, “Getariaren azala baino, getariarren mamia”. Fuentesek Irigoienen hitzak bere egin eta eurek ere “mamia” nahi dutela azaldu du, “ez dugu azalean geratu nahi”. 

Herritarrekiko oso eskertuta dago bikote getariarra eta eurak gabe horrelako proiektu bat aurrera eramatea ez litzatekeela posible nabarmendu dute. Herriak beti erantzun izan duela eta “herritarren txokoa edo etxea bihurtu dela”, gaineratu du Fuentesek. “Esan izan digute ea apreziatzen dugun non lan egiten dugun eta noski baietz, nire herrian ari naiz lanean, herriarentzako”, dio Ucinek.

 

Bingoan, esaterako, mahai berean, jende gaztea eta heldua, nahastuta, aritu zen jokoan. Kanpotar bat Ucinengana hurbildu eta “hori oso-oso polita da” esan omen zion. Horrelako ekintzekin herritarrak bateratzea lortzen dela azpimarratu du Fuentesek: “Nire ustez, pandemiarekin, banandu egin gara, distantzia hartu dugu eta bakoitza bere kuadrillarengana joan da. Getaria ez zen hori, hori koronabirusaren eragina izan da. Getarian helduak gazteari barre egiten dio baina alderantziz ere bai, edo mahai berean esertzen dira edo bingoan batera jolasten dute. Hori da Getaria, hori da lortzen ari garena, koronabirusari buelta ematea, eta oso pozgarria da”.

Datozen hilabeteak 

Dagoeneko, abuzturako nahiz irailerako lotuta dituzte hainbat kontzertu eta Fuentesek ilusioz daudela azaldu du: “Guri gustatu egiten zaigu gauzak antolatzea, jendea gustura dagoela ikustea eta herriak eskertu egiten duela sentitzea”. Hala, azkeneko egunera arte filosofia horrekin jarraituko dutela adierazi dute. 

Artistekin harremana bi noranzkokoa izan ohi da, “beraiek jartzen dira harremanetan gurekin edo gu beraiekin. Entzuten ditugu eta jotzen duten musika estiloaren edo egiten dutenaren arabera erabakitzen dugu noiz jarri”, azaldu du Ucinek. Herriko eta inguruko txoko desberdinetatik ez ezik, Euskal Herritik kanpoko artistek ere izan dute Katrapuna plazan ikuskizuna egiteko parada. Urria bitartean, etenik gabe, Katrapuna astintzen jarraituko dute eta Bodegatik podcast saioaren zuzenekoan esan modura, “sorkuntzaren plaza”z gozatzeko aukera izango dute guztiek.

 

Artzape aldizkariko 228. aleko argitalpena (2022ko abuztua).

Bazkidetza