Pandemia dela-eta, bost urte igaro dira azken Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusitik. Egoera aldatuta, “orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko”, adierazi dute antolatzaileek.

Atzo aurkeztu zuten txapelketa Amasa-Villabonan, zenbait bertsolari bertan zirela. Orotara, 42 bertsolarik hartuko dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusian: Agin Laburu, Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi, Unai Mendizabal, Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Manex Agirre, Miren Artetxe, Xabat Galletabeitia, Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza, Xabier Silveira, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Ane Labaka, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Patxi Iriart, Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu, Unai Gaztelumendi, Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio.

Txapelketa irailaren 24an hasiko da, Getxon. Lehen fasea jokatuko dute urriaren 9ra arte, bina saiorekin astebururo. Astebeteko atsedenaren ondoren, urriaren 22an ekingo zaie finalaurrekoei eta Euskararen Egunarekin batera, abenduaren 3an, jakingo da nor iritsiko den finalera. Hori abenduaren 18an jokatuko da, 11:00etan, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Sarrerak

Badira aste batzuk final nagusirako sarrerak salgai jarri zirela www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideek 30 euroan eskura ditzakete, bazkide ez direnek 42 euroan eta gazteek (2004tik aurrera jaiotakoek) 20 euroan. Finalaurrekoetarako sarrerak 14 euro (bazkideentzat), 17 euro (ez bazkideentzat) eta 10 euro (gazteentzat) balio dute.

Lehen faseko sarrerak dira merkeenak: 10 euro bazkideentzat, 12 euro bazkide ez direnentzat eta 6 euro gazteentzat.

Ezenarro gai-jartzaile

Aurtengo txapelketan ere ez da Getariako bertsolaririk izango, baina bada herriko ordezkaritzarik, Ane Ezenarro bizilaguna gai-jartzaile taldeko kide baita. Bera izango da azaroaren 12an Durangon egingo den finalaurrekoko gai-jartzailea.

 

Argazkia: Bertsozale Elkartea.