Getariako Udalak eguzki panel fotovoltaikoak jarri ditu Iturzaeta Herri Eskolako teilatuan, udal eraikinetan kontsumitzen den energiaren %27a sortzeko helbururarekin. Instalazioak 148 modulu ditu eta 11 instalazio publikorentzat sortuko du elektrizitatea, besteak beste, eskolarentzat, eskailera mekanikoentzat, udaletxearentzat eta Gure Txeruren lokalarentzat.

Eguzki panelena da 2022ko aurrekontuetan trantsizio energetikoa hobetzeko aurreikusitako neurrietako bat. Hala, udalak 76.155 euro inbertitu ditu eta inbertsioa zazpi urtean amortizatzea aurreikusten du. Bestalde, sortutako energiari esker, 30 urtean 230.000 euro aurreztea espero du.

Trantsizio energetikoaren harira, beste berrikuntza bat ere egin da uda honetan Iturzaeta Herri Eskolan: ikastetxeko argiteria guztia aldatu eta LED motakoa jartzea. Energia-kontsumoa murriztea, bonbilen iraupena handitzea eta argiteriaren kalitatea hobetzea da asmoa. 51.425 euroko kostua izan dute lanok, eta udalak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza deialdietara aurkezteko asmoa du. 

 

Argazkia: Getariako Udala.

 

Lotutako albisteak: