Gutxienez langile bat kontratatuta duten enpresek derrigorrez bete behar dute Lan Arriskuen Prebentziorako 31/1995 Legea. Prebentzioa bideratzeko, ordea, aukera ezberdinak daude enpresaren jardueraren, tamainaren eta baliabideen arabera.

Txikienen baliabideak aintzat hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) prestakuntza emango die laneko arriskuen prebentzioan eskualdeko autonomoei eta enpresa txiki eta ertainetako arduradunei. Izan ere, ezbehar baten aurrean, legearen arabera, enpresaburua da arduraduna eta ez legearen ezezagutzak ez kanpoko zerbitzu bat kontratatua izateak ez du erantzukizunetik salbuesten.

Horregatik, 30 orduko ikastaroan, prebentzioaren oinarrizko ezagutzak ematen eta legea betetzeko beharrezko tresnak ahalbidetzen saiatuko da UKUE. Saioak urriaren 6tik azaroaren 17ra izango dira, 13:30etik 16:00etara, elkartearen egoitzan, Zarautzen.

Informazio gehiago eskuratu edo izena eman nahi dutenek enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943 890 808 telefono zenbakira dei dezakete.