Ana Benito ikerlariak urteak daramatza Getariako itsaspeko ezaugarriak ikertzen, bera baita Iturritxikiko aztarnategiko zuzendaria. Eremu horretan, XVI. mendean hondoratutako ontzi baten aztarnak daude eta haiek ikertzen ari da XX. mendearen azken hamarkadatik. Itsasontzi hura Flandriatik irten zen eta Senegal zuen helmuga; itxuraz, esklaboekin merkataritzan aritzekoa zen.

Azken urteetan bildutako datuekin, Iturritxiki. Getariako badian murgildutako historia liburua ondu du Benitok, Aranzadi Bildumaren baitan. Idatzi horren aurkezpena egingo du bihar, irailak 25, 12:00etan, Bista Onan.

Aurkezpen soilaz harago, Aranzadi Zientzia Elkarteak Benito bera omenduko du, musika emanaldi batekin. Hala, Xabier Zeberiok nyckelharpa suediar jatorriko instrumentua joko du. Ekitaldian Julio Villar idazle, abenturazale eta alpinistak ere parte hartuko du; honek belaontzi batean bidaiatu eta lurrari bira eman zion 60ko hamarkadan. Ekitaldiaren amaieran, Kawadeni musika talde senegaldarrak girotu du Bista Ona.

Bertaratzen den orok Iturritxiki. Getariako badian murgildutako historia liburua eskuratzeko aukera izango duela iragarri dute antolatzaileek.

 

Argazkia: Iturritxiki. Getariako badian murgildutako historia liburua.

 

Lotutako albisteak: