Pasa den larunbatean jokatu zen Azpeitiko zezen plazan Euskal Pentatloiaren finala. Beste bost kirolarirekin batera, Joseba Otaegi Getariako bizilaguna zen lehian, finalean parte hartzeari uko egin zion Jokin Urretabizkaia Basozabalen lekuan. Antolatzaileek berataz “partaidetza guztietan podiumean” egon izan dela nabarmendu bazuten ere, oraingoan ezinezkoa izan zen eta bosgarren postuan amaitu zuen proba.

Aurrez esana zuen ez zegoela beste urteetan bezain ongi eta apur bat justu ibili zela finala prestatzeko. Gogotsu zegoen halere, besteak beste, azkena izango zuela erabakita zeukalako.

Larunbatekoa lehia bizia izan eta zenbait kirolarik beraien denborak hobetu zituzten nabarmen. 100 kiloko harriarekin 25 jasoaldi, giza probatan 400 kiloko harriarekin bi plaza, aizkoran hiru kanaerdiko, 50 kiloko txingekin sei plaza eta hiru kilometroko korrika saioa eginda, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a izan zen azkarrena 31:36ko denborarekin. Haren atzetik geratu zen Julen Gabirondo (32:43) eta hirugarren Xabier Zaldua (32:58).

Emakumeetan, faborito ez bazen ere, Nerea Arruti izan zen garaile, 21:09 denborarekin, eta haren atzetik geratu ziren Karmele Gisasola Zelai III. (23:22) eta Lucia Orbe (25:17). Hauek 63 kiloko harriarekin 15 jasoaldi, giza proban 250 kiloko harriarekin plaza bat, 45 ontzako bi enbor, 35 kiloko txingekin lau plaza eta kilometro erdi egin zituzten korrika.

 

Argazkia: Ibon Errazu Uria/Euskal Pentatloia