Pandemia tarteko, bi urteko etenaren ostean, Gaztetape Surf Elkarteak antolatuta, surf txapelketa herrikoia berreskuratu dute getariarrek aurtengoan. Orotara, 54 lagunek parte hartu zuten larunbateko txapelketan.

Kategoria nahiz modalitate desberdinetan lehiatu ziren partaideak eta gizonezkoen artean, ondokoak izan ziren txapeldunak: open surf modalitatean Manex Bikuña; open bobyboarden, Jon Azkue; master surfen, Ibon Udabe; longboarden, Iñaki Paregabe; sub surfen, Liher Arakistain; eta sub bodyboarden, Noa Arakistain. Emakumezkoetan, adin txikiko neskak aritu ziren norgehiagokan eta Nahia Calderon izan zen irabazlea.

Eguraldia lagun, giro ederrean eta lagunartean igaro zuten eguna bertaratuek. Eguerdian, indarrak berreskuratze aldera, antolatzaileek prestatutako paella banatu zuten partaideen nahiz ikusleen artean. Iluntzean, sari banaketaren ostean, berriz, parrillada egin zuten.

Argazkiak: Artzape eta Jon Urresti.