Zutaz letrak idazteko izenburupean argitaratu du abesti berria Eñaut Elorrieta musikariak. Durangoko Azokari begira, urriaren amaieran plazaratuko duen Fantasia diskoaren aurrerapen kantua da; dagoeneko, entzungai dago Youtube sare sozialean. Abestiaren hitzak Jose Luis Otamendi olerkari azpeitiarrarenak dira. Gernikarrak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, “Otamendiren estiloa bat dator disko honekin… Gauza gutxirekin, asko esatea”.

Fantasia diskoa Getariako bizilagunaren laugarren bakarkako lana izango da. Aitor Etxeberria gernikarrarekin batera ekoiztu du eta hamar abestiz osatutako bilduma izango da. Elorrietak aurreratu duenez, maitasunaren gaia lantzen duten abestiak dira guztiak. Oraindik Ken Zazpi taldea martxan zegoela, 2013an, Deserriko kantak diskoarekin abiatu zuen bakarkako ibilbidea. Bere azken lana, berriz, Irteera argiak (2019) izan zen.