Herritarrei lagun artean euskaraz egiteko aukera ematea eta euskaraz aritzeko espazioak nahiz aukerak zabaltzea da Mintzapraktika egitasmoaren helburu nagusia. Sustatzeaileen hitzetan, “pertsonen arteko harreman berriak sortzen eta indartzen dira euskaraz”. Parte hartzaileak astean behin elkartzen dira, talde txikitan, euskaraz aritzeko: bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo hizkuntza praktikatuz, ohitura berreskuratu nahi dutenak) eta bidelagunak (euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatea dutenak).

Dagoeneko, ikasturte berrirako izen-ematea zabalik dago. Ohiko mintzalagun taldeez gain, azken urteetan hainbat aldaera sortu dituzte: Gurasolaguna, mintzalagunON, mintzakuadrillak, mendi taldeak, hikalaguna edo euskalkilaguna, mintzanet eta mintzodromoa. Interesatua Urola Kostako Mintzalagun taldearekin jarri daiteke harremanetan; horretarako, idatzi urolakosta@aek.eus posta elektronikora edo deitu 625 485 215 telefono zenbakira.