Urtero lez, Getariako Udalak eta Getaria Mendi Taldeak, elkarlanean, Mendi astea antolatu dute. Hala, datozen egunetan, mendiari lotutako hainbat ekimen prestatu dituzte. Lehena, ostegunean, urriaren 13an, izango da; hain justu, Mundua arnastu nahian filmaren emanaldia. Bertan, 2006az geroztik Aitor Igiñitzek ezagutu dituen 70 herrialdeen, bost kontinenteen eta hainbat mendi bideren berri kontatuko du, Unai Ugartemendiarekin batera. Proiekzioa 19:00etan izango da, Berdura plazan.

Iganderako, urriaren 16rako, beste bi ekintza antolatu dituzte. Goizean, 09:00etatik aurrera, herri inguruan, mendi irteera egingo dute. Ondokoa izango da ibilbidea: herriko plaza, Usotegi, Askizu, San Prudentzio, Gaztetape eta San Anton. Azken puntu horretan, parte hartzaileek hamaiketakoa egingo dute. Interesatuek aurrez eman beharko dute izena turismo bulegoan (goizez). Urriaren 14a, ostirala, izango da horretarako azken eguna.

Arratsaldean, berriz, Mendi Film jaialdiko pelikula onenen emankizuna egingo dute. 18:30ean hasita, Iturzaeta aretoan, bi ekoizpen proiektatuko dituzte. Alde batetik, Euskarazko Film Onenaren saria jaso duen Amagana. 14 minutuko film labur horretan, Itziar Zabala Dimako eskalatzaile profesionalaren bizitza eta kirol ibilbidea kontatzen dira. Bestalde, Zuzendari eta Soinu Banda Onenaren saria jaso duen Le Cavalier Mongol filma ikusteko aukera izango da. 85 minututan, Patricia Franco estatubatuarra izango da protagonista nagusia. Ipar Amerikako gailurrik altuenean, Denalin (6.190 metro), emakumezkoen denborarik azkarrena, eta bakarra, gainditzen saiatuko da. Horretarako, 61 kilometro egin behar ditu, ia 4.000 metroko desnibela gaindituz, 21 ordu baino gutxiagotan. Erronkak fisikoki nahiz emozionalki bere burua eta historia hobeto ulertzera eramango du Franco. Sarrera doakoa izan arren, gonbidapena beharko da. Bihartik, urriaren 7tik aurrera, turismo bulegoan egongo dira eskuragarri; egunean bertan, emanaldia baino ordubete lehenago, leihatilan bertan ere bai.