Eguerdirako udaletxe atarira gerturatu dira Getariako Arraun Elkartearen sortzaileei gaur egin asmo zieten omenaldira deitutako zenbait kirolari ohi. Aspaldian ikusi gabekoak agurtzeko baliatu dute batzuek ekitaldi aurreko tartetxoa eta 12:30 pasa berritan, egungo arraunlari gazteenek arraunekin egindako arkutik igaro dira.

Udalbatzar aretoan, lehen ilarak omenduentzat gordeta zeuden eta haien atzean eseri dira gerora klubean ibilitako gizon-emakumeak edo haien senideak. Guztien artean, aretoa bete dute.

Leandro Andreanok hartu du hitza antolatzaileen izenean. Azaldu duenez, ekitaldia gaur egin bada ere, duela hiru urte sortu zen horretarako nahia 90ko hamarkadan arraunean ibili ziren taldekideen artean. “Guretzat errazena izango zen gure traineruan egunero laguntzen ibiltzen zirenei egitea baina pentsatzen genuen gure aurretik eta ondoren ibilitakoek badaukatela zer eskertua hauei”, adierazi du.

Hala, sorrerako dokumentu batean agertzen ziren bost kideri, Arraun Federazioko lehen zuzendaritzan ageri diren beste seiri eta inongo dokumentutan azaldu ez arren, egunerokotasunean klubean lanean ezagututako beste hainbati egin diote aitortza. Guztira, 14 pertsonari egin diete eskertza: Jesus Mari Lasa, Javier Etxabe, Bartolo Campos, Juan Basurto, Juan Joxe Azkue, Jose Agustin Larrañaga, Ignacio Alberdi, Jose Manuel Echave, Alejandro Egurbide, Eugenio Kamio, Jose Arregi, Francisco Aizpuru, Manuel Inazio Gorostiaga eta Manuel Alberdi.

Herri lana

Gaurko eskertza udaletxean egiteak ere badu bere arrazoia; izan ere, antolatzaileek uste dute, arraunlariengatik ez ezik, herriagatik egin dutela lan omenduek. Xabier Goikoetxea klubeko egungo presidenteak, begirada altxa eta udalbatzar aretoko banderei so, adierazi du “ez zegoela leku aproposagorik, hemen ikusten dira zein lorpen dauden”.

Haritz Alberdi alkateak ere hartu du hitza eta “anonimotasunean” lan egiten duten horiek nabarmendu ditu: “Gaur gara engranaje hori olioztatuta mantentzen dutelako herritar anonimo horiek”.

Bestalde, Goikoetxeak klubaren sorrerako garaia gogoratu du, 1976. urtea, “diktadura bukatu berritan”. “Bestelako arriskuetatik babestuz”, garai hartan “herriko gazteei bertan kirola egiteko aukera eskaini izana” goraipatu du.

Hitz horien amaieran, arraun taldearen ibilbidearen errepasoa egiten duen bideoa jarri dute. Bertaratutakoek adi ikusi dituzte irudiak eta bati baino gehiagori nostalgia marraztu zaio aurpegian. Ondoren, oroigarriak banatuta dituzte, banan-banan. Omendu nahi zituztenen artean, apur batzuk falta ziren, besteak beste, dagoeneko hilda dagoen Ignacio Alberdi; haren alabak jaso du ikurra.

Ekitaldia amaitu aurretik, Izaro Lestayok ere esker hitzak izan ditu egungo taldekideen izenean. Getariako Arraun Elkartearen izaera, elkartasuna, apaltasuna eta kolore marroaik eramatearen harrotasuna aipatu ditu. “Hasieratik sortu zenuten elkarteari emandako nortasunaren ispilua gara”, adierazi du.

14:30etik aurrera, bazkaltzen ari dira Berdura plazan.

 

Lotutako albisteak: