Larunbat arratsaldean, udalbatzar aretoan egindako ekitaldi jendetsuan hartu zuten agintea Orkatz Gurrutxaga alkateak eta Lore Lasa, Jokin Txueka, Intza Subijana, Araitz Muñoa eta Suhar Esnal zinegotziek. Hala, asteburuan zehar, eurak izan dira getariarron ordezkariak.

17:30ean hasita, Iturzaeta aretoan, Txomorro Magoaren ikuskizuna izan zen; aretoa bete lagun bildu zen. Ondoren, 19:00etan, udalbatzar aretoan, osoko bilkurari ekin zioten. Publikoan zeuden hainbat haurrek euren proposamenak luzatu zizkieten alkateari eta zinegotziei; tartean, igerilekua egitea, Sahatsaga goiko parkea handitzea, herriko parkeetan komunak jartzea, judoko tatamia garbitzea nahiz lehioa eta armairua konpontzea, larunbatero zinema jartzea, gaztelekua bezalako leku bat sortzea txikiagoentzat edota skate parka handitzea. Herriko ordezkariek banan-banan erantzun zituzten eskaera horiek, batzuei baiezkoa eta besteei ezezkoa emanez.

Osoko bilkura amaituta, Gazte Alaiak Taldeko txistulariekin, kalez kale ibili ziren buruhandiak. Ondoren, afaria egin zuten Berdura plazan eta afalostean, musikarekin, festak jarraipena izan zuen.

Haurreskolako jolastokiaren inaugurazioa

Hurrengo egunean, igandean, alkateak eta zinegotziek haurreskolako atari berria inauguratu zuten. Duela hilabete batzuk gauzatu zituzten eraberritze lanak eta atzokoan, Iker Arruti haurreskolako hezitzailearekin batera egin zuten inaugurazio ekitaldia.

Gure Txeru dantza taldeko hainbat dantzarik, txistulariek lagunduta, aurreskua dantzatu zuten. Jarraian, Orkaitz Gurrutxaga alkate txikiak eskerrak eman zizkien bertaratu zirenei eta zinta moztuz, jolastoki berria inauguratu zuen.