Datorren ostiralean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, larunbatean, Getariako Udalak eta Artzape Euskara Elkarteak, elkarlanean, ekimen desberdinak antolatu dituzte.

Goizean, azken hilabeteetan zehar udala eta Artzape, herriko emakumeekin batera, lantzen aritu diren 2023ko egutegia aurkeztuko dute. Proiektuaren asmoa izan da emakumeak ahalduntzea nahiz saretzea eta indarkeria matxistaren aurkako aldarria egitea. Aurkezpen ekitaldia, 12:30ean hasita, Berdura plazan izango da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bertaratzen direnen artean egutegia banatuko dute.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, nazioarteko jakien dastaketa egingo dute frontoian –eguraldi txarra eginez gero, Berdura plazan izango da–. Bertan, herrialde desberdinetako emakumeek prestatutako jakiak probatzeko aukera izango da. Hala, atzerritik etorritako eta bertako herritarren arteko harremanak sustatzea izango da xedea. Sustatzeileek herritar orori luzatu diete bertaratzeko gonbita. Ondoren, 20:00etan, Alarma Morea taldearen kontzertua izango da eta amaitzeko, Esther Sound Sister DJ zumaiarraren emanaldia.