Gaur, azaroaren 22a, kaleak alaituz ospatu dute musikarien eguna Getariako Musika Bandako kideek. Gutxi izan dira beraiekin batera Kale Nagusian barrena abiatu direnak, baina negozioen aurretik pasa ahala, herritarrak kalera atera dira musikariak animatu eta euren soinuez gozatzera.

Santa Zezili Eguna gaur izan arren, azken egunotan, musikarien egunaren harira, hainbat ekitaldi izan dira herrian. Atzokoan, Iturzaeta aretoan, Pepita Enbil Musika Eskolako ikasleek emanaldia egin zuten. Arazo teknikoak tarteko, aurreikusi baino beranduago hasi zen emanaldia baina, hala ere, eskolako aretoa jendez bete zen. Musika eskolako ikasleek nahiz Gazte Alaiak Txistulari Taldeko kideek parte hartu zuten saioan eta kanta ugari abestu, jo eta dantzatu zituzten. Irailetik, ikasturtea hasi zutenetik, gaur arte ikasitakoa oholtzaratu zuten ikasleek eta bertaratu ziren gurasoak adi-adi eta harrotasunez egon ziren seme-alabei begira.

Emozioz betetako kontzertua

Herenegun, igandean, Getariako Musika Bandaren txanda izan zen. Honek ere eliza bete eta kontzertu ederra eman zuen. Zenbait unetan, emozioek gainezka egin zuten eta malkoek busti zuten banda kideen nahiz bertaratu ziren herritar askoren begiak. Negarrerako ez ezik, umorerako tartea ere izan zen. Era berean, antzerkitik ere izan zuen apur bat saioak, esaterako, pieza batean, tronboi bakarlaria trabatu egin zela antzeztuz, instrumentua biren artean jotzen amaitu zuten.

Datorren igandean, azaroaren 27an, Salbatore Deuna Abesbatzaren txanda izango da. 12:30ean hasita, elizan egingo dute kontzertua. Ondoko kantuak abestuko dituzte: Agur zaharrak (Sabin Salaberri), Arratseko kanpaiak (R. Eizagirre / letra moldaketa: J. Aldalur), Kaiatikan (Arroitia-Jauregi), Kontzertua (W. Geissier), Adios Puerto Viejo (A. Zubimendi), Amonatxo, Jeiki jeiki (A. Lesbordes), Wenn ich ein glocklein war (Otto Fischer), Elurra mara mara (S. Jaroff), Festara (Sarriegui), Arraunlariak.